Orio Arraunketa Elkarteko hauteskundeetara aurkezteko epea, zabalik

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko urriaren 8a

Hilaren 30era arte onartuko dituzte hautagaitzak, eta azaroaren 14an egingo dituzte hauteskundeak. Elkarteak dio zerrenda bakarraren kasuan ez litzatekeela bozketaren beharrik egongo.Orio Arraunketa Elkartea hauteskunde prozesuan murgilduta dago. Urria...

Hilaren 30era arte onartuko dituzte hautagaitzak, eta azaroaren 14an egingo dituzte hauteskundeak. Elkarteak dio zerrenda bakarraren kasuan ez litzatekeela bozketaren beharrik egongo.

Orio Arraunketa Elkartea hauteskunde prozesuan murgilduta dago. Urriaren 2an, pasa den ostiralean, egin zuten bazkideekin ezohiko batzarra, eta bertan abiatu zuten prozesua. Lehenik eta behin, hauteskunde batzordea osatu zuten: Joxemari Olasagasti izango da presidentea, Joxemiel Udabe idazkaria, eta Patxi Atorrasagasti bokala. Hauek izango dira prozesuan zehar arauak betetzen direla egiaztatuko dutenak.

Horretaz gain, hauteskunde egutegia ere zehaztu zuten batzarrean. Horren arabera, hauteskundeetan parte hartu nahi duten hautagai-zerrendek urriaren 30era arte izango dute beren hautagaitza aurkezteko aukera. Zerrendan gutxienez bederatzi bazkideren izenak zehaztu beharko dira, eta zerrendaburua izango da presidentegaia. Hautagaitzak arraun elkartean bertan edo posta zertifikatuz aurkeztu beharko dira Orio AE 21 postakutxan.

Hateskunde Batzordeak azaroaren 4an aurkeztuko ditu hautagaiak jendaurrean. Bozketa eguna, berriz, azaroaren 14a izendatu dute. OrioArraunketa Elkarteak 600 bazkide inguru ditu egun, eta 18 urtetik aurrerako bazkideek izango dute botoa emateko aukera. Bestalde, zuzendaritzatik nabarmendu dute hautagai zerrenda bakarra aurkeztuko balitz, bozketa egin beharrik ez litzatekeela izango, eta kargua azaroaren 5ean hartuko luketela zuzendaritzako kideek.

89 neska-mutil arraunean

Elkartea hauteskunde prozesuan murgilduta badago ere, eguneroko martxa ez da eten, eta harrobia dagoeneko entrenatzen hasi da. Denera, 89 neska-mutilek eman dute izena, eta Alberto Etxartek eta Ibon Urbietak hartu dute harrobiaren ardura. Denboraldia hasi berri dute, eta arraun elkartetik jakinarazi dute arraunean egin nahi duten gaztetxoek izena emateko aukera dutela oraindik. Horretarako interesa dutenek elkartera agertu beharko dute entrenamendu ordutegian. Orio Arraunketa Elkarteak garrantzi handia eman izan dio beti harrobiari, eta Joxean Olaskoaga Aizperro entrenatzaile berriak ere gazteekin lan egitearen garrantzia nabarmendu zuen egunkari honi emandako elkarrizketan (elkarrizketa irakurgai dago urolakosta.hitza.eus atarian); gazte horiek etorkizunean goi mailako arruanlariak izan daitezen prestaketa egokia ezinbestekoa dela uste dute.

Bestalde, elkarteak jakinarazi du Jokin Amilibia izango dela senior mutilen arraun mugikorreko entrenatzailea. Amilibiak Migel Anjel Millaresen lekua hartuko du. Millaresek arrauna eta entrenatzaile postua utzi ditu, eta elkarteak «eskerrak» eman dizkio galiziarrari azken urteetan egin duen lanagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide