Orion Bertso Eskola jarriko dute martxan 8-12 urte bitarteko haurrentzat

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko urriaren 7a

Errikotxia elkarteak jolasen bidez bertsozaletasuna sortu nahi du haurrengan eta gaztetxoengan. Aurkezpen saioa ostiralean egingo dute, eta gaur da izena emateko azken eguna.Errikotxia Orioko Bertsozale Elkarteak umeentzako bertso eskola abiatuko du ha...

Errikotxia elkarteak jolasen bidez bertsozaletasuna sortu nahi du haurrengan eta gaztetxoengan. Aurkezpen saioa ostiralean egingo dute, eta gaur da izena emateko azken eguna.

Errikotxia Orioko Bertsozale Elkarteak umeentzako bertso eskola abiatuko du hasiberri den ikasturtean. Astean behin bilduko dira haurrak, ostiraletan, 17:00etatik 18:00etara Kosta Tailerrean. Eta, elkartetik azaldu dutenez, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko umeentzat izango da. Ostiral honetan egingo dute lehen saioa, eta haurrez gain, gurasoak ere aurkezpen saioan parte hartzera gonbidatu dituzte arduradunek, Bertso Eskolaren martxaren berri izan dezaten.

Rosi Lazkano izango da Bertso Eskolako irakaslea, eta azaldu du egitasmoarekin haur eta gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatu nahi dutela. «Garai batean Orioko Ikastolan bazen Bertso Eskola, eta orduko haurren artean sortu zuen bertsoarekiko zaletasuna». Orain berreskuratu egin nahi dute jarduera hori, eta herriko haur guztiei irekia egongo da.

Bertso Eskolako saioak «dinamikoak» izango dira, eta bertan bertsoen inguruan jolasean haurrek ondo pasatzea nahi dute. «Astean zehar ordu asko pasatzen dituzte haurrek papera eta arkatza eskuan hartuta. Ez dugu Bertso Eskola eskolaren jarraipena izaterik nahi, eta horregatik, ahoskotasuna lantzeko jolasak egingo ditugu; gainera, Orioko eta beste hainbat herritako bertsolarien bertsoak kantatuko ditugu, eta doinuak ere ikasiko ditugu. Dena jolas modura eta ondo pasatuz».

Izena emateko azken eguna

Bertso Eskolan parte hartu nahi dutenek gaur dute izena emateko azken eguna. Horretarako herriko ikastetxeetan eskuragarri dauden izen-emate fitxak bete behar dituzte. Elkartetik zehaztu dute herriko ikastetxeetan ikasten ez duten haurrek ere eman dezaketela izena Bertso Eskolan.

Eskolak jasotzeko zehaztu duten ordutegia ondo etorri ez arren, haurrek Bertso Eskolan parte hartzeko izen-emate fitxa bete dezakete, eta bertan ordutegiarekin duten arazoa jakinarazi.

Errikotxia Bertsozale Elkartearen asmoa taldetxo polita sortu eta «herrian bertso giroa sortzea da. Orion ez dago bertso giro handiegia, azken urteetan beti pertsona berak ibili baikara Errikotxian». Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaie haurrengan bertsoarekiko zaletasuna sortu eta gustatzen bazaie gaztetxoak direnean horri jarraipena ematea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide