Orioko Gizarte Zerbitzuak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteartean ikasturteko lehen udalbatzarra egin zuten Orion, eta hainbat gai aztertu zituzten ohiko bilkuran. Alde batetik, hainbat kreditu aldaketa bozkatu zituzten. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzatik iritsi diren bi diru partida onartu zituzten alkate dekretuz; bata 1.408 eurokoa Zaragueta Herri Eskolako inbertsioetarako, eta bestea 8.966 eurokoa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratzeko. Hasieran 30.000 eurotako partida aurrikusten zen larrialdi laguntzetarako, eta orain 38.966 euroko partida izango da.
Bestetik, gizarte arloko bi mozio ere bozkatu zituzten udalbatzarrean. Alde batetik, Espainiako Talidomidaren Biktimen Elkarteak aurkeztutako mozioa. Bertan Udalbatzari eskatzen zitzaion talidomidaren biktimei babesa ematea, Grünenthal enpresa farmazeutikoari biktimentzat kalte-ordainak eskatzea eta Espainiako Gobernuari kaltetuentzako biziarteko pentsioak eskatzea. EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen mozioa.
Bestetik, Amnesty International erakundeak Siriako errefuxiatuen krisiaren inguruko mozioa aurkeztu zuen, eta kasu horretan ere EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko botoekin hurrengoa onartu zuen Orioko Udalbatzak: Espainiako Gobernuari eskatzea besteak beste Siriako errefuxiatuei giza eskubideetan oinarritutako erantzuna ematea eta Nazio Batuek krisiari aurre egiteko proposatu duten erantzun planari babes finantziero eta tekniko gehiago eskaintzea. Horrez gain, Orioko Udalak konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuaren aurrean Siriako errefuxiatuak birkokatzeko toki kopuru nabarmena eta horiek gizarteratzeko behar adina baliabide eskaintzeko.
Orain taldearen eskaera
Orain udal taldeak ez zuen bi mozioen bozketetan parte hartu, aurreko agintaldian Orainek erabaki zuelako mozioetan ezezkoa bozkatzea. «Uste dugu egokiagoa dela udal talde guztiak bildu eta mozio bateratua aurkeztea. Oso gogorra egin zaigu bi mozio hauei ezetz esatea, eta horregatik bozketan parte ez hartzea erabaki dugu». Ildo horretatik, Urangak zehaztu zuen Siriako errefuxiatuen inguruko mozioa «oso zabala» dela eta mota horretako mozio bat onartu baino lehen «herriak hartu ditzazkeen lagun kopurua aztertu eta horren araberako proposamena egin beharko litzatekeela. Egokiagoa izango litzateke udal talde bakoitzak bere ekarpenak egin eta Orioko herriari dagokion mozio adostua aurkeztea, gure mezua sakonagoa izango litzatekeelako». EH Bildu ere ados agertu zen Urangak esandakoarekin eta nabarmendu zuen, mozioak onartu badituzte ere, «kritika» egin nahi dutela. «Euskal Herriaren izaera eta hizkuntza ez baitira haintzat hartzen horietan». Joxe Angel Zaldua alkateak azaldu zuen «mozioak eskakizun horiei babesa emateko modua» direla eta hurrengo urratsa udal taldeak bildu eta erabakiak hartzea dela.