Aurten 60 ikasle inguruk izena eman dute Orioko Euskaltegian

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 28a

AEKko arduradunak eta Orioko Euskara Saileko kideak. (Orio.eus) Gaur Orioko Udalak eta AEK-ko koordinatzaile Mertxe Mugikak Orioko Euskaltegiko euskara zerbitzua emateko kontratua sinatu dute eta gustura dira bi aldeak herritarrek euskaltegiari egin dioten harrerarekin. Pasa den astean itxi zuten Orioko Euskaltegian izena emateko epea eta inoiz euskaltegiak izan deun matrikulazio kopururik handiena izan du aurten, 60 lagunek eman baitute izena. Hiru talde osatu dituzte, goizetan lehen urratseko 11 ikasle arituko dira euskara ikasten. Arratsaldetan, berriz, euskara pixka bat dakiten 13 lagunek euskaran sakontzen jarraitzeko aukera izango dute eta bestetik, alfabetatzeko zazpi laguneko taldetxoa sortu da. Horretaz gain, aurten berrikuntza bezala autoikaskuntza eskainiko du Orioko Euskaltegiak eta 30 lagunek izena eman dute zerbitzu berrian; ikasle horiek lanak etxean egingo dituzte eta astean behin tutorearekin elkartuko dira ariketak zuzentzeko eta zalantzak argitzeko. Gainera, mintzapratika egiteko aukera izango dute astean behin. Astelehenean abiatuko du ikasturtea Orioko Euskaltegiak, baina ikasleek eta arduradunek elkar ezagutu dezaten ostegunean aurkezpen saioa egingo dute. Goizeko taldea 10:30ean bilduko da. Arratsaldean, euskalduntzen ari direnak 19:00etan elkartuko dira eta alfabetatu nahi dutenak 18:30ean. Autoikaskuntzako ikasleak astelehenean hasiko dira euskara eskolekin. Oraindik plaza libreak Autoikaskuntzak arrakasta izan du eta plaza librerik ez da gertatzen dagoeneko. Horregatik, AEK-k itxaron zerrenda ireki du, tokia sortu ahala matrikula egin ahal izateko. Euskalduntze mailako arratsaldetako taldean ere leku gutxi geratzen da eta bertan euskara ikasi nahi dutenek, lehenbailehen eman beharko dute izena.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide