Joxean Olaskoaga Aizperro izango da Orioko entrenatzaile berria. (Onintza Lete/Hitza)
Orioko Arraunketa Elkarteko kidea gustura dira entrenatzaile berriarekin. "Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiogu Igor Makazagari azken urtetan egin duen lanagatik", zehaztu du arraun elkarteko presidente Ibon Huegunek.
Makazagak Orioko zikloa bukatutzat ematea erabaki zuen duela bi aste eta berria jakin bezain laster entrenatzaile berriaren bila hasi zen arraun elkartea. “Joxean Olaskoaga Oriori bultzada emateko entrenatzaile egokia dela uste dugu. Etxekoa da, ongi ezagutzen du kluba eta berarengan konfiantza osoa dugu", nabarmendu du Huegunek. "Arraunlarientzat eta herriarentzat proiektu berria eta ilusio sortzailea izatea nahi dugu, eta
Aizperro pertsona egokiena iruditzen zaigu gure arraunlari taldeari daukan onena ateratzeko”.
Joxean Olaskoaga
Aizperrok 1990. hamarkadaren bigarren zatian bandera mordoxka irabazi zituen Orioko ontziak Olaskoaga traineruaren gerrian zihoala. 2006-2010 urte bitartean Orioko entrenatzaile izan zen eta 2007. urtean irabazi zuen Orio Arraunketa Elkarteak azken Kontxako bandera Olaskoagaren gidaritzapean. "Joxean Olaskoaga entrenatzaile izan zeneko oroitzapen oso ona dugu, eta ziur gaude eta aldi berri honetan ere lan bikaina egingo duela Aizperrok"
Orioko Arraunketa Elkarteko hauteskundeak
Urriaren 3an Orioko Arraunketa Elkarteko bazkideen batzarra egingo dute, eta bertan barne hauteskundeak deituko dituzte. Talderen batek datozen lau urtetan Orioko Arraunketa Elkartea zuzendu nahi badu beren hautagaitza aurkezteko aukera izango du, eta hauteskundeak egingo dituzte.
Ibon Huegunek azaldu duenez egungo zuzendaritzak beste lau urterako aurkezteko asmoa du. "Orioko Arraunketa Elkartea goi mailan aritzeko ezinbestekoa da elkarte indartsu bat izatea eta egonkortasuna lortzea. Horretarako, proiektuari jarraikortasuna eman behar zaio eta gu beste lau urtez lanean aritzeko prest gaude", azaldu du Huegunek.