Aurten surflariek taldeka parte hartuko dute txapelketan. (Orioko Surf Taldea)
Asteburuan Orioko Surf Txapelketa jokatuko dute Antilla hondartzan. Aurten 22. aldia izango da, eta berrikuntzekin iritsiko da lehia. Izan ere, orain arte parte-hartzaile bakoitzak bere mailan parte hartzen zuen txapelketan sexuaren, adinaren eta modalitatearen arabera banatuta. Aurten, berriz, banakako kategoria batean surf egin ordez, taldeka arituko dira parte-hartzaileak. Maila eta modalitate desberdineko surflariekin osatuko dituzte taldeak, eta elkarren artean lehiatuko dute. «Surflariak motibatzea du helburu aldaketak. Antzeman genuen gero eta parte-hartzaile gutxiago izaten genituela txapelketan, ia urtero surflari berak iristen baitziren finalera, eta gainontzekoek aukerarik ikusten ez zutenez, ez ziren parte hartzera animatzen». Horregatik, taldekako txapelketa antolatzea bururatu zitzaien surf elkarteko kideei. «Beste hainbat herritan ere antolatzen dituzte horrelako txapelketak. Guk bost laguneko taldeak egingo ditugu eta, modu horretan, surflarien arteko harremana ere sendotu nahi dugu, belaunaldi desberdinetako surflariek elkar ezagutu dezaten», aitortu du Eneko Ostolaza Orioko Surf Elkarteko lehendakariak.
Horrez gain, gaztetxoen txapelketa ere egingo dute lehen aldiz aurten; 14 urte bitarteko surflariei zuzenduta dago. Horrela, udan zehar surf ikastaroetan parte hartu duten gaztetxoek txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. «Oso gustura aritu dira gaztetxoak udan surfean, eta beraiek proposatu ziguten txapelketatxo bat antolatzea. Ideia polita iruditu zitzaigun, hasiberriek surfarekin jarraitzeko bidea izan baitaiteke», azaldu du Ostolazak.
Larunbat goizean hasita
Etzi, larunbata, 09:00ak inguruan abiatuko dute txapelketa eta egun osoan zehar uretaratuko dira surflariak. «Gure asmoa txapelketaren zatirik handiena larunbatean egitea da eta, amaitzen ez badugu, igandean jarraituko dugu. Horrelakoetan, mareak eta itsasoaren egoerak zeresana izaten dute; beraz, txapelketan zehar ikusiko dugu zer egin». Amaieran sari banaketa bat egingo dute, eta horretan lagundu dutenak eskertu ditu Ostolazak: «Orioko Surf Taldearen partez eskerrak eman nahi dizkiet Orioko Udalari, Zipri enpresari eta Pukas Surf Etxeari, txapelketa antolatzeko ematen diguten laguntzagatik».
Izena Errusta tabernan eta Itziar Kirolak dendan eman behar dute parte-hartzaileek.