2011eko irailaren 23an Kukutza gaztetxea eraitsi zuten egunean autxilotu zituzten gazteen aurkako epaiketaren bigarren eta azken saioa asteazkenean izan zen. Polizia operazioan parte hartu zuten ertzainek eta lekukoek beren testigantzak eman zituzten bertan eta amaierako ondorioetan, zigor eskaerak berretsi zituen fiskalak, akusatuei istiluak sortu izana egotzita. Orain epaiaren zain geratu dira.
Kukutzako 19 auzipetuen artean dago Aratz Madariaga oriotarra ere eta asteazkenean epaitegian izan zen ertzainen eta lekukoen azalpenak jarraitzen. Zortzi ordu pasatxoko saioa izan zen eta denera 40 lagunek eman zituzten azalpenak. Saioan ertzainek nabarmendu zuten «taldean aktiboenak izan zirelako» joan zirela akusatuen atzetik. Defentsako abokatuek, ordea, frogarik aurkeztu ez izana salatu zuten epaiketan zehar: «Ez da sinestekoa Bilbon egondako protesta handienen irudi edo bideorik aurkeztu ez izana froga modura». Gainera, susmagarria iruditu zitzaien ertzain guztiek «hitz berak erabiltzea bere adierazpenetan».
Kontraesanak argitara
Epaiketan fiskalak frogatutzat eman zuen auzipetuek norbanako bezala jokatu beharrean, «talde moduan aritu zirela» Kukutza botatzea eragozteko, baina defentsako abokatuek erabat ukatu zuten akusatuak talde antolatu bateko kide zirenik. Horretaz gain, istiluek sortutako kalteak ordaintzeko erantzukizun zibila ere bidegabetzat jo zuen defentsak, Bilboko Udalak berak ez duelako eskatu.
Aratz Madariagaren ingurukoek defentsak egindako lana nabarmendu dute, "ertzainek izandako kontraesanak argitara atera baitituzte uneoro».