Pasa den larunbatean Karela Festa egin zuten Orion Juneren Hegoak elkarteari laguntzeko. Denera 150 lagunek parte hartu zuten antolatu zituzten ekimenetan.
Pasa den larunbatean egun osoko jaia egin zuten Orioko Karela Kiroldegian. Festak herritarrei kirola egiteko aukera eskaintzea eta Juneren Hegoak elkartearentzat dirua biltzea zuen helburu, eta bete zuten xedea.Antolatzaileek azaldu dutenez, 150 lagun inguruk parte hartu zuten ekimenean eta 2.801 euro bildu zituzten. Garikoitz Garagarza Karela Kiroldegiko kudeatzaileak oso positibotzak jo du ekimena, eta datorren urteetan ere jaiari jarraipena emateko asmoa agertu du. «Eskerrak eman nahi dizkiegu jaia antolatzea posible egin duten eragileei, batez ere La Caixaren Gizarte Ekintzari, Ikasfit enpresari, Orioko Udalari eta laguntza eman duten herriko denda eta saltokiei».
Osa eta Etxeberria irabazle
Larunbat goizean Karela Festaren barruan Indoor Triatloi Txapelketan bederatzi lagunek parte hartu zuten; Iban Osa eta Eder Etxeberria oriotarrak izan ziren irabazleak.