Kosta Tailerrean kokatuta dago Orioko euskaltegi berria. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Euskara arloan urrats garrantzitsua emango da Orion hasi berri den ikasturtean. Alde batetik, euskaltegia inauguratuko dute Kosta Tailerrean; Arrantzale kaletik izango du sarrera. Bestetik, Orion erroldatuta dauden herritarrek doan euskara ikasteko aukera izango dute.
Orioko Euskara zinegotzi Lurdes Salsamendik azaldu duenez, Orioko udal gobernuak argi du «erraztu egin behar dela euskara ikasteko bidea, eta horregatik erabaki dugu udalak zerbitzuaren kostua bere gain hartzea». Dena dela, edozein ikastaro egiteagatik 100 euroko fidantza bat ordainduko du ikasle bakoitzak; asistentzia egokia izanez gero, bukaeran osorik itzuliko zaizkio 100 euroak ikasleari.
AEK-k kudeaktuko du euskaltegia, eta ikastaro eskaintza zabala izango du: 0 mailako ikastaroak,euskalduntzeko maila guztiak, azterketak prestatzeko ikastaroak, alfabetatze ikastaroak eta mintzalagun taldeak.
Ikasgelan emango diren ikastaroez gain, aurten lehen aldiz autoikaskuntza ere jarriko dute martxan Orion. Ikasleak tutore batek gidatuta, lana bakarka egingo du etxean edo euskaltegian bertan, eta astean behin bilera egingo du tutorearekin, lanen zuzenketa egiteko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko.
Izena emateko epea zabalik
Iazko agintaldian landu zuen Orioko Udalak euskaltegiaren proiektua. Orioko EH Bilduk eta Orainek Salatxo aretoan kokatu nahi zuten euskaltegia, baina EAJ ez zegoen ados «aretoak irisgarritasun arauak betetzen ez dituelako». Hori dela-eta, EAJk txosten tekniko bat eskatu zuen Salatxo aretora iristeko arrapala jarri zitekeen jakiteko, eta «eremuaren maldagatik ezinezkoa zela azaldu ziguten teknikariek», esan du Salsamendik. EAJ agintera iritsi zenean alternatiba bila hasi zen, eta ohartu ziren Kosta Tailerraren zati bat ez zela erabiltzen. «Toki aproposa dela uste dugu. Inbertsio ekonomikoa uste zena baino handiagoa izan da, baina euskara erronka da guretzat, eta egindako inbertsioak merezi izan du», adierazi du Euskara zinegotziak.
Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago irailaren 24a arte, datorren asteko osteguna. Izena eman daiteke euskaltegiaren egoitzan bertan, udaleko Euskara Zerbitzuan, edo
943-83 03 46 telefono zenbakira hots eginda.