Atzo abiatu zuten epaiketa Bilboko Kukutza gaztetxea eraitsi zutenean izan ziren istiluen harira, eta oriotarrak ukatu egin zituen bere aurkako salaketak.
Atzo abiatu zuten 19 lagunen aurkako epaiketa, Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea eraitsi zutenean izan ziren istiluekin lotuta; tartean da Aratz Madariaga Dorronsoro oriotarra.«Desordena publikoa» egotzi die fiskalak auzipetu gehienei, eta 18 hilabeteko espetxe zigorra eta egondako kalte guztiak ordaintzea eskatu du haientzat. Madariagari, hain zuzen ere, harriak botatzea eta edukiontziak batetik bestera mugitzea egotzi diote. «Hasiera batean ertzainen deklarazioak oso nahasiak ziren, eta zakarrontziak erretzea leporatzen zidaten. Baina gaurko epaiketan harriak botatzea egotzi didate», azaldu zion atzo HITZAri Madariagak.
09:40ean abiatu zuten epaiketa Bilboko zigor arloko epaitegian, eta 13:00ak inguruan amaitu zen saioa. Banan-banan deklatu zuten auzipetuek, eta oriotarrak saioaren hasiera aldean eman zituen azalpenak. Auzipetu guztiek erantzun zituzten fiskalaren galderak, eta ukatu egin zituzten egozten dizkieten karguak. Gainera, Madariagak azaldu duenez, auzipetu guztiak aho batez bat etorri ziren manifestazio legal batera joan zirela eta karga poliziala hasi zenean babesteko korrika hasi zirenean harrapatu zituztela. «Ni korrika nindoala lurrera erori nintzen eta atxilotu egin ninduten», zehaztu zuen oriotarrak. Horretaz gain, iritzi zion epaiketa «Kukutzako proiektuaren aurkakoa» dela, «nolabait gazte mugimenduari beldurra sartu nahi diote geldirik gelditu dadin». Iritzi berekoak dira Kukutzarekin Elkartasun Taldeko kideak ere; «gaztetxeen aurkako epaiketatzat» jo dute atzo abiatutako epaiketa.
Elkarretaratzea Orion
Hemeretzi auzipetuei babesa emateko hainbat mobilizazio egin dituzte azken egunetan. Larunbatean manifestazio bat egin zuten Bilbon, eta antolatzaileen esanetan 2.000 pertsona inguru bildu ziren Bilboko kaleetan Kukutza defendatzeagatik zigorrik ez aldarria zabaltzeko.
Bestetik, atzo goizean epaitegi aurrean elkarretaratzeak egin zituzten epaiketa hasi aurretik eta ondoren auzipetuei elkartasuna adierazteko, eta hainbat oriotar izan zen bertan Madariaga babesteko asmoz.
Gainera, arratsaldean Orioko plazan bildu zen herritar talde bat Madariagari eta auzipetuei elkartasuna agertzeko epaiketaren aurrean.