Kukutzaren Elkartasun Taldeak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. (Kukutzaren Elkartasun Taldea)
2011ko irailaren 23an, Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea eraitsi zuten egunean, hainbat herritarrek beren desadostasuna agertu zuten. Bertan izandako «istiluengatik» 19 lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, tartean Aratz Madariaga Dorronsoro oriotarra.
Ia lau urte igaro dira ordutik, eta datorren astelehenean eta asteazkenean izango da epaiketa Bilboko zigor arloko epaitegian. 09:00etan hasiko da epaiketa, eta auzipetuek astelehenean deklaratuko dute. Asteazkenean, berriz, lekukoek emango dituzte azalpenak.
Elkarretaratzea Orion
«Desorden publikoa» egotzi die fiskalak auzipetu gehienei, eta 18 hilabeteko espetxe zigorra eta egondako kalte guztiak ordaintzea eskatu du haientzat; tartean baita oriotarrarentzat ere. Horretaz gain, horietako beste bi laguni «erresistentzia» delitua ere leporatu die, eta erruduntzat jotzen badituzte beste zortzi hilabeteko zigorra jasoko lukete.
Madariagaren ingurukoek azaldu dutenez, hainbat herritarrek elkartasuna adierazi diote oriotarrari, eta astelehenean Bilbora epaiketara babesa agertzera joateko asmoa agertu dute. Gainera, elkarretaratze bat egingo dute astelehenen arratsaldean, 19:00etan, Orioko plazan.
Fiskaltzak egindako eskaera «oso larria» dela uste du Kukutzaren Elkartasun Taldeak. Kukutzako auzipetuen kontra irekitako prozeduretatik «gogorrena» izango dela uste dute, pilatzen duen zigor kopuruarengatik. Izan ere, «elkartasunez Errekaldera gerturatzeagatik, kartzelako atarian kokatu dituzte auzipetuak». Gainera, salatu dute «jarrera basati eta oldarkorra» izan zuela Ertzaintzak egun haietan bertan bildu ziren herritarrekin.
Elkarteko kideek salatu dutenez, fiskalaren froga bakarra «poliziak ausaz egindako atxiloketak dira eta auzipetuek ohartarazi dutenez, egozten dizkieten istiluak 20:00etan gertatu ziren, eta haiek 17:00etatik 20:00etara bitartean atxilotu zituzten».
Auzipetuei elkartasuna agertzeko manifestazioa egingo dute bihar arratsaldean Bilbon
Elkartasuna ez da delitua lelopean. 18:00etan abiatuko da manifestazioa Jesusen Bihotzaren plazatik Kale Nagusian behera, eta Zea Mays eta Akerjenbe Sound Sistem musika taldeek parte hartuko dute. «Solidarioekiko elkartasunean asko garela frogatu behar dugu», azaldu dute, eta herritarrei eskatu diete datozen egunetarako antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko. Epaiketa egunetan ere 09:15ean elkarretaratzeak egingo dituzte epaitegiaren aurrean.