Orioko La Caixa bulegoko zuzendari Aitor Hoyos, Karela kiroldegiko zuzendari Gari Garagarza eta IkasFit enpresako ordezkari Iñigo Izeta. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Irailaren 12an, larunbat honetan Karela Festa egingo dute Orioko kiroldegian, eta bertan bildutako dirua Juneren Hegoak elkarteari laguntzera bideratuko dute. Gari Garagarza BPXport enpresako kide eta Orioko Karela kiroldegiko zuzendariak azaldu duenez, festaren helburua «jai eta familia giroan kirolaz gozatzea eta herritarrak kirola egitera animatzea da. Gainera, bide batez herritarren artean solidaritatea sustatu nahi dugu. Beraz, Orioko eta inguruko herrietako herritarrak festara gonbidatu nahi ditugu, saioetan parte hartzera animatzen ez badira ere jai giroan murgildu daitezen».
Juneren Hegoak elkarteak gaixotasun larriak dituzten haurren familiei laguntza ematen die, eta Karela Festan biltzen den irabazia gaixo dauden haurren eta beren familien beharrak asetzera bideratuko dute. Elkarteko kide Yolanda Martinen esanetan, asko eskertzen dute BPXport enpresak eta Karela kiroldegiak emango dien laguntza. Juneren Hegoak elkartearentzat festak bi helburu nagusi ditu; alde batetik, elkarteko familiei laguntzeko alderdi ekonomikoa dago. Eta bestetik, elkartea ezagutzera ematea. «Gure elkartea ez da ezaguna Urola Kostan. Horregatik, Karela Festarekin egiten dugun lana herritarren artean zabaldu nahi dugu, eta modu horretan, gizartea sentsibilizatu». Elkartea ezagutzera emateko postu bat jarriko dute Karela Festaren barruan, bertan informazioa eskainiko dute eta produktu solidarioak ere salduko dituzte.
Juneren Hegoak elkarteko kideek uste dute Urola Kostan ere egon daitekeela gaixotasun larriren bat duen haurrik, eta familia horiengana ere iritsi nahi dute. «Familia askok oso egoera latza bizi dute. Gaixo dagoen seme-alaba zaintzen buru-belarri murgiltzen da familia egunerokoan, bakarrik sentitzen dira gurasoak askotan, laguntzarik gabe», azaldu du Martinek.
Elkartera kasu berriren bat iristen denean, zehaztasunez aztertzen dute, familiaren beharrak zein diren identifikatzeko. «Osakidetzak ez ditu eskaintzen zenbait tratamendu, eta familiek Espainiako hainbat hiritara eraman behar izaten dituzte beren seme-alabak. Horrek kostu handia dakar, familiek ere ostatu gastuei aurre egin behar baitiete». Kasu horietan, laguntza ekonomikoa eskaintzen die elkarteak familiei; beste zenbaitetan, berriz, aholkularitza, ospitalean haurrarekin egoteko laguntza, edo sendagilearekin kontsultara joateko laguntza.
Haurrentzat eta helduentzat jaia
Ekitaldiz betetako eguna izango da larunbatekoa: 10:00etatik 20:00etara haurrei eta helduei bideratutako jarduerak antolatu dituzte Karelan. Txikienentzat eskalada saioak, zumba kids saioa, eskulan tailerra eta puzgarriak izango dira, besteak beste. Bestetik, familian ondo pasatzeko familia erronka eta orientazio proba ere prestatu dituzte.
Horretaz gain, helduentzat puntako fitness saioak egongo dira: total trainning, zumba, jump eta Dreaming on a bike izeneko spinning saioa, Samantha Moonen zuzeneko musikarekin. Jaiari lehia ukitua emateko goizean indoor edo barruko triatloi txapelketa ere antolatu dute. Parte-hartzaileek 1,2 kilometro egingo dituzte korrika ibiltzeko makinan; 2,5 bizikleta spiningeko bizikletan, eta kilometro bat ergometroan.
La Caixako Gizarte Ekintza atalak eta Orioko Udalak babestu dute Karela Festa, eta Ikasfit enpresak jarriko ditu jump saioak egiteko ohe elastikoak eta monitorea.
Izena emateko aukera
Herritarrek txapelketan eta kirol saioetan parte hartzeko aukera izango dute Karela Festan. Goizeko saioetan parte hartzeko 3 euro ordaindu beharko dira eta, arratsaldeko saioetan, berriz, 5 euro. Garagarzak azaldu du parte hartzea mugatua izango dela saioetan, eta txapelketan eta bestelako saioetan izena eman nahi dutenek horretarako aukera dutela solidario@bpxport.es helbide elektronikora idatzita, edo telefonoz, 688-63 82 74 zenbakira hots eginda. Biltzen den dirua Juneren Hegoak elkartearentzat izango da, baita Karela Festa dela-eta egingo duten zozketa solidarioan bildutakoa ere; azken honetako txartelak salgai daude dagoeneko Orioko hainbat saltoki eta tabernetan, eta baita Zarauzko eta Zumaiako kiroldegietan ere.
Karela kiroldegiko zuzendariak nabarmendu nahi izan du Karela Festa antolatzerakoan babes handia jaso dutela Orioko saltoki eta tabernen partetik. Ildo horretan, larunbatean «janari solidarioa» eskainiko dute larunbatean Niko eta Arkaitz tabernetan eta Kaleta Pizzerian.
EGITARAUA
-
10:00etan, Karela Festaren hasiera. Egun osoan zehar haurrentzat saioa izango dira: eskalada saioak, eskulan tailerra eta puzgarriak.
-
10:30etik 12:00etara, indoor triatloia txapelketa. Korrika 1,2 kilometro, bizikletan 2,5 kilometro eta ergometroan kilometro bat.
-
12:00etatik 13:30era, total trainning saioa.
-
17:00etatik 18:00etara, jump saioa.
-
18:00etatik 19:30era, ciclyng saioa Samantha Moonen zuzeneko musikarekin.