Konfiantzaren Pedagogia proiektua abiatuko du Orioko Herri Ikastolak

Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 4a, 07:30

Ikastolako beheko solairuko paretak bota eta espazio zabal eta argia sortu dute. (Aiora Larrañaga/Hitza) Ia hiru hilabeteko oporren ostean ikasleek ikasturte berria abiatuko dute datorren astean. Dena dela, izan da udan buru-belarri lanean aritu den ikastetxerik ere. Orioko Herri Ikastolan Konfiantzaren Pedagogia ezarriko dute irailaren 9tik aurrera Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko mailan, eta horretarako gurasoek auzolanean egokitu dute ikastetxea udako oporretan. Irakasleak ere abuztuaren erdialdean itzuli ziren lanera, ikasturtearen hasierarako dena prest egon dadin. Ikastolako zuzendaritza taldea, gurasoak eta irakasleak proeiktu berria martxan jartzeko irrikaz dira, uste baitute orain arte ikastetxea eta hezkuntza ulertzeko moduan aldaketa emango dela. «Haur bakoitza desberdina da, eta orain arte eredu bera erabili izan da haur guztiak hezteko. Matematika, zientziak edo hizkuntzak hartu izan dira erreferente, eta horietan trebeak ez zirenek eskola porrota izaten zutela ulertzen zen», azaldu du Zigor Saizar Orioko Ikastolako zuzendariak. Konfiantzaren Pedagogiak eredu horrekin hautsi nahi du, eta une bakoitzean haur bakoitzaren trebetasunak eta beharrak zein diren identifikatzea du helburu, horiek asetuz umearen garapen egokia bermatu dadin. «Rafael Cristobalek sortu zuen Konfiantzaren Pedagogiaren oinarri zientifikoa. Cristobalek dio haurrak landareak bezala direla, bakoitzak behar jakinak dituela eta horiek ezagutu eta asetuz gero ondo hasiko dela eta bere fruitua emango duela». Arrasateko Arizmendi Ikastolak bost urte daramatza eredua lantzen, eta orain Orioko Ikastolak lekukoa hartu dio eta 2-3 urteko haurren gelan martxan jarriko dute eredu berritzailea. Asmoa da urtez urte hezkuntza prozesuko gainontzeko mailetan ezartzen joatea Espazio argi eta zabala Konfiantzaren Pedagogian oinarrituta espazioak egokitu dituzte behar pedagogikoak asetzeko. «0-6 urte bitarteko haurrek garapen egokia izan dezaten mugimendu askatasuna eta espazioaren hiru dimentsiotako antolakuntza behar dute», azaldu du Saizarrek. Horregatik, ikastolako beheko solairuko paretak bota dituzte eta eremu zabal bat sortu dute. Espazio ireki hori hainbat espaziotan banatuta egongo da, eremu lasaietatik hasi eta mugimenduzko espazioetara arte. «Umeak bioerritmo batzuk ditu egunean zehar, eta horien arabera batzuetan lasaitasuna nahi izaten du eta, beste batzuetan, aktibitatea. Ikaslea izango da libreki bata edo bestea aukeratuko duena». Bestetik, gizakiaren berezko zaintza sena ere kontuan hartzen du ereduak. «Zaharrenek betidanik txikienak zaintzeko instintoa izaten dute, eta txikienek zaharrenengandik ikasi egiten dute. Horrela izan da milaka urtetan zehar gizakiaren historian, eta gizartean naturalki ematen dena ikastolara ekarriko dugu». Espazio desberdinetan banatuta dago 2-3 urteko haurren gela. Irudian espazioaren hiru dimentsioak lantzeko eremuetako bat. (Aiora Larrañaga/Hitza)   Etxean bezala Konfiantzaren Pedagogiaren beste ezaugarrietako bat gurasoen parte hartzea da. «Estutu egin nahi dugu gurasoaren, ikastolaren eta ikaslearen arteko erlazioa. Haurrek ikastola etxearen jarraipen moduan ulertzea nahi dugu, eta modu horretan, ikastolan etxean bezala lasai eta konfiantza osoan sentitzea». Horretarako, hainbat xehetasun zaindu dituzte: egurrezko lurra jarri dute, hormak txuritu dituzte argitasuna emateko eta akustika zaindu dute. Gainera, ikasgelan gurasoentzat txokoa ere jarri dute, lasai egoteko sofa batzuekin eta kafe makinarekin. «Horrek ez du esan nahi gurasoak txoko horretan bakarrik egon daitezkeenik, eremu osoan egon daitezke edo irakasleekin berriketan. Hala, haurrek ikusiko dute gurasoen eta irakaslearen arteko harremana ona dela eta konfiantza dutela». Ikasleak etxean bezala sentitzea nahi dute, «amonaren edo izebaren etxera joaten denean sentitzen duena sentitzea, alegia». Gurasoen txokoa izango du 2-3 urteko ikasleen gelak. (Aiora Larrañaga/Hitza) Gurasoen rola aldatzen den bezala, irakaslearen papera ere adatu egingo da. Haurrek ez dute tutore bat izango, «haurrek erreferentziazko irakaslea izango dute, baina ez dira uneoro berarekin egongo. Irakasleak txokoetan zehar banatuta egongo dira, txoko horietan parte hartzen ari diren ikasleen beharrak identifikatu eta motibatzeko». Orioko Ikastolan argi dute «gizartearekin batera hezkuntza eredua ere aldatzen» ari dela, eta horretaz jabetuta, formakuntza saioak egin dituzte irakasleek, eta horretan jarraituko dute aurrerantzean ere. Gainera, Arrasateko Arizmendi Ikastolako kideak izango dituzte bidelagun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide