Getariako saregileak moilan lanean (Nerea Uranga/Hitza)
Sare konponketan ari dira Getariako moilan Orioko eta Getariako saregileen bi kuadrilla. Astearte goiza da. Konpontzeko sarea non uzten dieten han jarduten dute lanean, «toki finkorik ez daukagu», diote. Eguna grisa da, eta euria egiteko arriskua ere badago. Baina, euren aulkitxoan eserita, hankak aurreraka luzatuta josi eta josi ari dira. Denak ere adin batetik gorakoak dira, gazteak ez dira animatzen saregile aritzera: «Zaila da gazteak animatzea. Guk batzutan lan piloa egiten dugu eta beste batzutan igoal batere ez. Esaterako, aurtengo neguan ez dugu batere lanik egin, bost hilabetez ezer egin gabe egon gara, eta gaur egun etxe batean asko behar da. Hemen soldata bat ateratzeko adina egiten da, baina urte osorako lana ez dago ziurtatuta».
Baporeak gero eta gutxiago dira eskualdeko portuetan, eta saregileak ere gutxitzen ari dira. Dena den, hauen beharrik ez da falta, ezinbestekoak dira: «Bapore gutxiago daude, baina handiagoak dira, eta sare handiagoak erabiltzen dituzte, saregileak ere gutxitzen ari gara». Hala dio Inma Peiro saregile oriotarrak. 30 urte inguru daramazki lanbidean, eta Orion saregileen 3-4 kuadrilla eta 27 bapore ezagutu izan ditu: «Garai batean Orion 40 pertsona inguru ginen sarea josten». Orain Orion sei bapore daude eta bederatzi saregileko kuadrilla. Getarian 19 saregile daude. Eskualdeko sare konpontzaile denak emakumeak dira.
Lan eskubideak eskatzen
Ezinbestekoak dira, baina hainbat lan eskubide ez zaizkie aitortzen. Horregatik kexu dira, eta euren aldarrikapenekin segituko dutela diote. Espainiako itsas eta arrantza sektoreko langileen babes sozialerako lege proiektua kritikatu berri dute Kantauri itsasaldeko saregile, paketatzaile eta neskatilek (hauek Bizkaiko portuetan aritzen dira itsasontzietako zama deskargatzen laguntzen). Kaietako emakume langile hauen ustez, lege proiektuak «ikusezinak» egiten ditu. «Urteak daramazkigu gure lan eskubideen alde, eta lege proiektu honetan ez gaituzte kontutan hartzen; antzeko edo lan berdinak egiten dituzten gizonezkoei hainbat eskubide aitortzen zaizkie, aldiz emakumeok aipatu ere ez gaituzte egiten. Guk eskatzen dizkiguten lege eta arau guztiak betetzen ditugu, eta gero Kongresuan esaten dute emakume saregileok esistitu ere ez dugula egiten», diote saregileek.
Orioko saregileak Getariako moilan lanean (Nerea Uranga/Hitza).
Lanbide gogorra
Saregileen lana ez da batere samurra: 4 gradutan bezalaxe 40 gradutan jardun behar izaten dute lanean; batzuetan bi ordutako lan egunak dituzte eta beste batzuetan, berriz, 17 ordutakoak. Presazko lana denean hura bukatu artean aritu behar izaten dute: «Kasu horietan ez dugu ordutegirik, lana bukatu artekoa da. Bestela, presazko ez diren konponketa lanetan ordutegi batekin jarduten dugu lanean».
Gaur egun saregile jarduteko ikasketak egin behar dira eta titulua lortu. Tituludunek bakarrik jardun dezakete lanbidean, Itsas Gizarte Institutuak hala agintzen duelako. «Iaz jarri zuten arau hori eta guk ere titulua atera behar izan genuen», dio Peirok. Ondarroan edo Pasaian egin daitezke saregile izateko ikasketak.
Gaur egun aldarrikatzen dutena da: gizarte segurantzan kotizatzeko aukera ere izatea (gaur egun autonomo bezala aritzeko eskubidea bakarrik dute); lanbidean ematen diren gaixotasunak aitortzea; eta, lanbideei dagozkien eskubide sozialak aitortzea, lanbidearen gogortasuna kontutan hartuta koefiziente murriztaileak ezarriz.
«Lanbidea oso zaila da, eta gaixotasun larriak ditugu, eta horiek lanbideak eragindakoak direla aitortzea eskatzen dugu. Disko hernia bat izan, eta lanean jarduteko posturak eragindakoa dela aitortzea esaterako. Azaleko minbizia asko ematen da gure lanbidean; eta artikulazioetatik sufritzen dugu: besoak, sorbaldak...».
Aldarrikapen horiek egiteko iaz Euskadiko Langileen Federazioa sortu zuten. Federazioak, Ondarroako paketatzaileak, Euskadiko Saregin eta Neskatilak eta Bermeoko neskatilak eta saregileak elkarteak batzen ditu. Baina, lege proiektuaren aurrean kexu Kantauri itsas kostaldeko emakume langile denak azaldu dira: «Galiziarrak, asturiarrak, kantabriarrak eta euskal kostaldeko denak kexatu gara lege proiektuaren aurrean. Denok bat egin ditugu gure aldarrikapenak, baina ez gaituzte kontutan hartu».
Sareen zuloak konpontzen bezalaxe, euren lan eskubideen sarea osatzeko lanean ere segituko dute emakume langileok: «Isilik bagaude ez gaituzte entzungo, beraz guk gure aldarrikapenekin segituko dugu, beti berdina esaten».
Getariako saregileak moilan (Nerea Uranga/Hitza).