Urrian irekiko dute Orioko ludoteka eta Txurrumuski taldeak kudeatuko du

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko irailaren 3a

«Jolas askeak eta antolatuak eskainiko dituen espazio hezitzailea» izango da ludoteka. Zerbitzu berriari buruzko informazioa emango dute bi ikastetxeetan Txurrumuskikoek.Urriaren erdialdean irekiko dute Orioko ludoteka, eta udalak jakinarazi du Txurr...

«Jolas askeak eta antolatuak eskainiko dituen espazio hezitzailea» izango da ludoteka. Zerbitzu berriari buruzko informazioa emango dute bi ikastetxeetan Txurrumuskikoek.

Urriaren erdialdean irekiko dute Orioko ludoteka, eta udalak jakinarazi du Txurrumuskik kudeatuko duela 5-10 urte bitarteko haurrei zudendutako aisialdi zerbitzu berria. Aitziber Campos zinegotziak azaldu duenez, irailaren erdialderako espero dute ludotekako lanak amaituta izatea. «Lanak uste baino gehiago luzatu dira, lokala ahal den gehiena aprobetxatu ahal izateko uste zena baino esku-hartze handiagoa egin behar izan baita». Hurrengo urratsa ludoteka hornitzea izango da, urrirako prest egon dadin.

Arratsaldeetan ludotekara joaten diren haurrek hainbat denborapasa izango dituzte aukeran: joko didaktikoak, eskulanak, taldeko jokoak nahiz antzer kitxoak, besteak beste. Gainera, ludotekaren osagarri modura parke berri bat egin du Orioko Udalak Goiko Kalean. Iturbide kalearen eta Kale Nagusiaren artean etxesail berria eraiki dute, eta horren inguruan «parke berezi bat» jarri du udalak. «Ez da ohiko parkea izango, frontoi txiki bat izango du, baita ping-pongeko mahaia eta futbolin bat ere», azaldu du Camposek.

Ludotekatik gertu dago parke berria, eta horregatik, eguraldi onarekin ludotekako haurrek gune hori ere aprobetxatzea nahi du udalak.

Espazio hezitzailea

Ludotekaren kudeaketa lehiaketa publikora atera zuen udalak, baina Txurrumuski aisialdi taldea bakarrik aurkeztu zen. «Txurrumuskik eskatzen ziren baldintzak betetzeaz gain, esperientzia handia du arlo horretan. Berak kudeatzen ditu Gaztelekua eta udako udaleku irekiak, eta beraz ondo ezagutzen dituzte Orioko haurrak».

Txurrumuskiko kide Xabi Ibargurenek azaldu duenez, ludoteka «jolas askeak eta antolatuak eskainiko dituen espazio hezitzailea» izango da. Horretaz gain, hiru hilabetetik behin irteerak eta familia irteerak antolatuko dituzte. Astelehenetik ostiralera arratsaldeetan egongo da zabalik, eta adin tartearen arabera banatuta, haurrek astean bitan bertara joateko aukera izango dute. Ostiraletan, berriz, 5-10 urte bitarteko haur guztiak elkartuko dituzte ludotekan.

Oraindik hainbat xehetasun zehazteke badituzte ere, Txurrumuskiko kideak irailean herriko bi ikastetxeetara joango dira ludotekaren berri ematera. Horretaz gain, triptiko bat banatu dute informazio zehaztuarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide