Salatxo Abesbatzak herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu. (Salatxo Abesbatza)
Orioko Salatxo Abesbatza kide berrien bila dabil eta oriotarrei bertan parte hartzeko deia egin die. Jakin badakite zenbait herritarri abesbatzan parte hartzea gustatuko litzaiokeela, baina lehen urratsa ematea kosta egiten zaiela uste dute. Horregatik argi utzi nahi dute musika mintzaiara jakitea ez dela beharrezkoa Salatxon kantatzeko, "gogoa eta intentzioa dira gakoa" azaldu dute taldeko kideek. Gainera, Salatxo abesbatza "familia handi bat" bihurtu dela diote kideek.
Salatxoko kideak "umorez eta alaitasunez" beteta astean bitan elkartzen dira Kosta tailerrean, astelehenetan eta ostegunetan 21:00etan. Datorren astelehenean 21:00etan egingo dute ikasturteko lehen entsegua eta bertara agertzera gonbidatu dituzte abestea atsegin duten oriotarrak. "Bestela, taldeko kideren bati esan eta irailaren 7an elkarrekin joango gara lasai asko entsegura" azaldu dute.