Joseba Unanue hirugarrena izan da Lugoko dardo txapelketan

Aritz Mutiozabal/ Sasoian.Info 2015eko irailaren 1a

Joseba Unanue, eskuinetik hasita lehena

Garaipenik ez zuen lortu dardo jokalari oriotarrak larunbatean Lugo Hiriko Dardo Openean, baina hirugarren sailkapen postuarekin pozik agertu da. "Azken denboraldian ez nengoen oso fin, baina pixkanaka berriz ere prestakuntzak bere fruituak ematen dituela ikusten ari naiz", aditzera eman du Unanuek. Garaipena lortu izan balu, azaroan Avilan jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatze proban aritzeko txartela eta beka eskuratu zituzkeen, eta horren penetan geratu da.

Nolanahi ere, oriotarrak modu positiboan begiratzen dio denboraldiari, eta aurki gorenean egongo dela dio, "lehen postuengatik borrokan". Ez du amore eman, gainera: "Oraindik beste aukera batzuk ditut sailkatzeko, adibidez irailaren azken astebukaeran Almerian izango gara 10 bat gipuzkoar beste sailkatze fase bat jokatzen."

Avilan Munduko Txapelketarako txartel bakar bat egongo da jokoan, eta bertan punta-puntako Europako hainbat jokalari lehiatuko dira bakarkako 501 modalitatean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide