Jon Carazok eta Jaime De Hazek parte hartzen dute Espainiako Selekzioko zortzikoan. (Ruben Padilla Camara)
Aulki Mugikorreko Munduko Txapelketako lehen kanporaketa jokatu zuten Orioko Arraun Elkarteko lau arraunlari gazteek atzo eguerdian, eta inork ez du zuzenean finalerdietara sailkatzerik lortu. Lehen bi ontziek eskuratu zuten txartela, eta Garmendiaren eta Zabalaren lemazainik gabeko laukoak laugarren bukatu zuen, eta De Hazen eta Carazoren zortzikoak bosgarren. Bi ontziek bihar, asteazkenarekin (irailaren 2an), bigarren aukera izango dute finalerdietara sailkatzeko. Laukoak 12:40 eta 12:55 artean jokatuko du estropada, eta lehen bi postuetan bukatu beharko dute aurrera egiteko. Zortzikoak 13:45ean izango du saioa, eta honetan ere bi postu izango dira jokoan.
Dominez gain, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetarako txartelak daude jokoan txapelketan. Orioko arraunlariei dagokienean, laukoan lehen 11 ontzirentzat izango dira eta zortzikoan lehen 5 ontzirentzat.