Betiko Market Azoka egin zuten igandean bigarrenez Orioko plazan. Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailetasuna eta Berrikuntza gradutik sortu den Kimu enpresak antolatu zuen ekitaldia, eta «harrera ona» izan duela azaldu dute parte-hartzaileek. Azokan Euskal Herriko hainbat sortzailek eta saltokik beren postuak jarri zituzten beren lana eta produktuak ezagutzera emateko; tartean ziren Maider Goenaga eta Maialen Uranga oriotarrak ere. Hilaren 12an berriz egingo dute azoka.
Maialen Uranga: «Betiko Market primerako bidea da herritarrengana iristeko»
Maialen Urangak Betiko Market egitasmoan parte hartu zuen igandean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
MAIALEN URANGA Maiur arropa eta osagarri dendako jabea
Zer dela-eta erabaki zenuen egitasmo honetan parte hartzea?
Betiko Market Azoka ezagutzera emateko oso ideia interesgarria iruditu zitzaidan. Hemen bildu diren askok denda fisikorik ez dute, internet bidez edo azoketan saltzen dituzte beren produktuak. Ez da nire kasua, ni oriotarra naiz eta arropa eta osagarri denda dut Zarautzen. Dena dela, uste dut mota horretako azokak herritarrengana iristeko primerako bidea direla; herritarrak biltzen diren tokira joatea beti da interesgarria. Gainera, denetarik aurkitu daiteke azokan: arropa, osagarriak, bitxiak... Eskaintza polita izan da.
Zer moduzko harrera izan du zure eskaintzak?
Oso ondo hartu naute. Banekien aurreko egunean herriko merkatarien stock azoka izan zela plazan bertan, eta hilabete bukaera ere badenez, uda garaiko produktuak ekarri nituen nik merkealdietako prezioekin. Hilaren 12an, berriz ere azokan izango naiz, eta nire asmoa denboraldi berria aurkeztea da.
Mota horretako azokaren batean parte hartzen duzun lehen aldia izan al da?
Zarauzko gazteen
hostelean ere antzeko azoka bat antolatu zuten, eta bertan izan nintzen. Bertara jendea gerturatzea zailagoa izan zen, espreski horretara joan behar baitzuten interesatuek. Orioko plazan, berriz, jende asko ibiltzen da, giro ederra izaten da eta jendetza pasa zen egun guztian zehar azokatik; horrela errazagoa da saltzea. Oso gustura nago ekimenarekin.