Imanol Garmendi, Ander Zabala, Jaime De Haz eta Jon Carazok eguerdian jokatuko dute txapelketako lehen kanporaketa; Aiguebelette-n (Saboia, Frantzia) izango dute estropada eremua igandea bitartean. Garmendiak eta Zabalak lemazain gabeko laukoan lehiatuko dira, Marc Franquetekin eta Jesus Gonzalezekin batera, 12:45etik aurrera. Bigarren kaletik irtengo dira, eta Errusia, Kanada, Suitza eta Herbehereetako selekzioak izango dituzte aurkari beren txandan. Lehen sailkatua zuzenean sailkatuko da finalerdietara, eta gainerako guztiek errepeska jokatu beharko dute asteazkenean; finalerdiak ostiralean izango dira eta finalak igandean.
Zortzikoko kide dira De Haz eta Carazo, eta hauen kanporaketa 13:55ean hasiko da. Alemania, Txina, AEB, Polonia eta Frantziaren aurka neurtuko dituzte indarrak, lehen kaletik abiatuta. Kasu honetan ere lehenak sailkatuko dira zuzenean finalerdietara, eta besteek bigarren aukera bat izango dute astezkenean. Sailkatuz gero, ostiralean jokatuko lukete finalerdia, eta igandean finala.