Aurten lehen aldiz arrantzaleek etiketatuko dute hegaluzea Eusko Label bereizgarriarekin

Getariako Hitza 2015eko uztailaren 28a

Hegaluzea portura sartu berria. (Aritz Mutiozabal/Hitza) Uztailaren erdialdean abiatu zuten arrantzaleek hegaluzearen kanpaina eta hasiera ona izan du. Izan ere, datuen arabera harrapatutako hegaluze kiloak eta kiloko ordaindutako prezioa aurreko urtekoak baino hobeak dira. Hala ere, Getariako Kofradiatik azaldu dutenez, aurreko urtetan ere uztailean ondo harrapatu izan dute, "abuztua eta iraila izaten dira apalagoak. Dagoeneko hegaluzea sartu da Bizkaiko Golkoan eta arrantzaleak ondo arrantzatzen ari dira. Ea abuztuan eta iralean ere horrela jarraitzen dugun". Eusko Jaurlaritzak babestu egin nahi du euskal arrantza sektorea eta zenbait oztopo gainditzeko neurriak hartu dituztela azaldu du Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak. ”Euskal arrantzaleak behin eta berriz salatzen ari dira kanpotik arrain asko sartzen ari dela gure merkatuan eta batzuetan hemengoa balitz moduan saltzen dutela, prezio baxuan, eta horrek Euskadiko arrantza sektoreari kalte egiten diola". Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak beharrezkoa ikusten du hegaluzea bertakoa dela azaltzen duen etiketarekin merkaturatzea. "Zentzu horretan, azken urteetako ildoari eutsi nahi diogu indarrez, eta Eusko Label bereizgarriarekin ahalik eta pieza gehien identifikatu nahi ditugu.Horrela, arrandegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin ahal izango dute erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, hau da, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatezkoa" zehaztu du Tapiak. Etiketatu sisteman berrikuntza Beraz, Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako hegaluze portzentaia handiagoa izan dadin, berrikuntza bat sartu dute aurten. Arrantzaleek hartu dute beren gain arraina identifikatzeko lana eta modu horretan Arantza Tapiak espero du "gure arrantzaleek harrapatutako kalitatezko arrain guztiak Eusko Label berme markaz identifikatuta merkaturatuko dela". Getariako Elkano Kofradiatik zehaztu dute orain arte Eusko Label bereizgarriak hainbat langile kontratatzen zituela hegaluzea portuan deskargatzen zenean etiketatzeko. Orain sistema aldatu dute eta itsasontzi bakoitza arduratzen da arrantzatutako hegaluzea etiketatzeaz. "Normalean itsasoan etiketatzeko denborarik ez dute izaten arrantzaleek eta lehorreratzen direnean etiketatzen dute. Portuan identifikazio prozesua modu egokian egin den ikuskatzen duen koordinatzaileak egoten dira" zehaztu dute. Euskal arrantzaleek harrapatutako hegaluzeak, bereizgarri gisa, isatsean ziurtasunerako zigilu zuri bat darama. Bertan lehorreratua eta kontrolatua izan den portuaren izena; zein espezietakoa den; kontrol zenbaki bat, zein ontzik harrapatu duen, noiz lehorreratu den eta bere kalitate gorena ziurtatzen duen Eusko Label ezaugarria zehazten ditu. Eusko Jaurlaritzarentzat oso garrantzitsua herritarrei ahalik eta informazio zehatzena eskaintzea, hori kalitatearen erakusle dela uste baitu. "Euskadiko arrantzontziek sistema tradizionala erabiliz arrantzatzen dute, banan-banan eta sarerik gabe, kainaberaz. Metodo horiek, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkorasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen dute". Beraz hegaluze garaia izanik Eusko Jaurlaritzatik Eusko Labela duen hegaluzea kontsumitzeko deia egin diete herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide