Udan ere buru-belarri euskarari keinu eginez

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 24a

Orioko Euskara Batzordeak euskara errefortzu eskolak antolatu ditu, ikasle etorriberriek ikasturtean lortutako euskara maila galdu ez dezaten. «Umore onez eta motibatuta» joaten dira gaztetxoak eskolara.Danbolin Musika Eskola itxita badago ere, uztai...

Orioko Euskara Batzordeak euskara errefortzu eskolak antolatu ditu, ikasle etorriberriek ikasturtean lortutako euskara maila galdu ez dezaten. «Umore onez eta motibatuta» joaten dira gaztetxoak eskolara.

Danbolin Musika Eskola itxita badago ere, uztaila hasi zenetik goizetan haurrak ikus daitezke musika eskolaren atarian joan-etorrian. Zenbaiti atentzioa emango die egoerak; munduko hainbat herrialdetatik duela gutxi Oriora iritsitako haurrak dira denak, baina euskaraz hitz egiten beren artean. Udaleko Euskara Batzordeak ikasle etorriberrientzat antolatu dituen euskara errefortzu eskolako ikasleak dira, eta udan ere beren euskara maila hobetzeko ahalegina egiten ari dira. UROLA KOSTAKO HITZA euskara klasean izan da haurrekin, eta umore onean eta euskara hutsean erantzun dituzte denek kazetariaren galderak.

Uda sasoian ikasgelara bueltatu behar badute ere, gustura daudela nabarmendu dute. Euskal Herrian urteak daramatzatenek erraztasunez hitz egiten dute oriotar hizkeran, eta ikasgelatik kanpo ere euskaraz aritzen direla azaldu dute, gainera. Bestalde, errefortzu eskoletan badira herrian urtebete baino gutxiago daramatenak, eta lotsatiagoak izan arren, horiek ere animatu dira euskaraz hitz egitera.

Astean hiru aldiz hartzen dituzte euskara errefortzu klaseak. Herriko bi eskoletako haurrek parte hartzen dute, bi taldetan banatuta, adinaren eta euskara mailaren arabera. Onintza Manterola oriotarra dute irakasle, eta ikasleek «jarrera bikaina» dutela nabarmendu du. «Ikasturtean zehar euskara egunero erabiltzen dute ikasleek, baina ikastetxeetako arduradunak ohartu ziren uda garaian urtean zehar hobetutakoa galtzen zutela etorriberriak ziren zenbait ikaslek». Horregatik antolatu zituen udaleko Euskara Batzordeak euskara errefortzu eskolak.

Irakaslearen esanetan, «euskararekiko jarrera oso ona dute ikasleek, ikasteko eta hobetzeko gogo handia dute, eta motibatuta etortzen dira udako eskolara». Zenbaitek uste dezake atzerritik etorritako herritarrek kaltetu dezaketela euskararen erabilera, baina Manterolarentzat hori uste okerra da. «Ahalegin handia egiten dute haurrek euskaraz hitz egiteko, eta beren gurasoak ere euskararen garrantziaz kontzientziatuta daude. Euskaraz gutxiago hitz egiten bada, euskaraz jakin eta hitz egiten ez dutenengatik da».

«Oso azkar ikasten dute»

Ikasleak oporretan daudela kontuan hartzen du Manterolak, eta eskola atseginak egiten saiatzen da. «Euskal Herrian denbora gutxi daramatenentzat ahoskotasunean trebatzea da garrantzitsuena, eta beren interesguneetatik abiatuta gai desberdinak lantzen ditugu». Herrian urte gehiago daramatenek, bestalde, «oso ondo hitz egiten dute euskaraz, eta hizkuntza fintzea falta zaie; horregatik, idazkera eta gramatika lantzen ditugu».

Ikasleen artean hainbat jatorritako gaztetxoak daude, eta irakasleak uste du beren ama hizkuntzak zeresana duela ikasleek euskara ikasteko izaten duten erritmoan. Pakistandarrek, esaterako, ez dute gaztelaniaz hitz egiten, eta euskara izaten dute gainontzekoekin komunikatzeko bide bakarra. «Eskolan euskara izaten da harremanetarako hizkuntza. Oso azkar ikasten dute euskaraz, eta gainontzekoekin komunikatzeko ere euskara erabiltzen dute. Askok euskaraz badakite, baina gaztelaniaz ez», esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide