Galtzarri Gunea proiektu biziberritua aurkeztuko dute bihar Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 22a

Galtzarri Guneko hainbat kide mahaiaren bueltan. (Galtzarri Gunea) Galtzarri Kultur Elkartea Orioko ezker abertzalearen bilgunea izan da urteetan. «Azken urteetako gertakari politikoen eraginez», ordea, bertako dinamika hautsi egin zen, eta orain herritar talde batek proiektua biziberritu nahi du, ikuspegi irekia eta parte-hartzailea emanez. «Galtzarri Gunea, ezkerreko eta abertzale izaera oinarri hartuta, herria aberastuko duen kultur eragilea izatea nahi dugu. Herritarrentzat irekia izango da, eta belaunaldi, zaletasun eta errealitate desberdinetako oriotarrak bilduko ditu, elkarrengandik asko ikasi dezakegula uste baitugu», azaldu du Iñaki Larrañaga kideak. Bihar 19:00etan aurkeztuko dute egitasmoa Galtzarri Elkartean (Kale Nagusia 9-11 behean) eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte. Bazkidetza kanpaina Parte hartzea izango da Galtzarri Gunearen muina, eta oriotarrek proiektuan parte hartu dezaten bazkidetza kanpaina bat abiatu dute. «Auzolanean lokala atondu dugu, sukalde txiki bat ere jarri dugu, eta hurrengo urratsa oriotarrak bildu eta lokalari bizitza ematea izango da». Horretarako, hitzaldiak, mahai-inguruak, kantaldiak eta beste hainbat ekimen antolatzeko asmoa dute naziotasuna, ingurumena, kultura, hezkuntza eta herritarrei interesatzen zaizkien edo zuzenean eragiten dieten beste hainbat gai ardatz hartuta. Bazkideak izango dira beren interesen eta zaletasunen arabera proposamenak egingo dituztenak. «Guraso batzuk, esaterako, haur txokoa egitea proposatu dute, beste kide batzuk, berriz, Perritxiko Astea antolatzea. Guztiz proiektu irekia da, eta herritik eta herriarentzat sortutako ekimenak bultzatzea izango du helburu. Horregatik, antolatzen ditugun ekimen guztietan oriotar oro izango da ongietorria». Izan ere, Galtzarri Gunearen helburu garrantzitsuetako bat herri txikietan egon daitezkeen «aurreiritziak ganditu eta jende desberdinak elkar ulertzea» da. «Azken urteetan argi ikusi da herri mugimenduek indar handia izan dezaketela herri eta nazio eraikuntzan. Egun herritarren partaidetza inoiz baino garrantzitsuagoa da, eta behetik gorako ereduan sinesten dugunez, Orion herritarrak biltzeko eremu baten beharra zegoela antzeman genuen», aitortu du Iñaki Larrañagak. Norbanakoez gain, Galtzarri Gunea herri mugimenduei irekita egongo da, eta hainbat ekintzaren bidez herri dinamikak sustatzea da egitasmoaren asmoa. Elkarte gastronomiko bat ez bada ere, sukaldea badu lokalak, eta hori elkar ezagutzeko bidea izan daitekeela uste dute kideek. «Mahaiaren inguruan, elkarri begira, askoz hobeto elkar ulertzen dugu herritarrok. Gainera, sukaldetxo horrek hainbat ekitaldi antolatzeko erraztasuna emango digu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide