Astelehenean inauguratu zituzten Uretako XXI. Joko Atlantikoak. 360 kirolari gazte ari dira lehiatzen Orion eta Zarautzen, eta egunotan Orio dute bizitokia gazte gehienek.
Igande arratsaldetik ohikoa baino gazte koadrila gehiago ikus daitezke Orioko kaleetan, Munto pasealekuaren inguruan edo hondartzan. Batzuk ingelesez hitz egiten dute, beste zenbaitek espainolez, frantsesez edo portugesez, eta askok euskaraz. Uretako kirolak egiten dituzten kirolari gazteak dira denak, eta norbere selekzioarekin Uretako XXI. Joko Atlantikoak jokatzera etorri dira eskualdera.Kirolarien desfilearekin eta inaugurazio ekitaldiarekin abiatu zuten txapelketa astelehenean. Hasiera batean, 550 kirolari aurrikusita bazeuden ere, «azkenean 360 kirolari gazte etorri dira, eta horien entrenatzaileak eta arduradunak kontuan hartuta, 420 lagun inguru bildu dira txapelketan», azaldu du Sofia Polo txapelketako logistika arduradunak. Kirolari eta arduradunek Orioko Herri Ikastolaren bi eraikinetan lo egiten dute, ikasgeletan literak jarri dituzte eta adin tartearen eta sexuaren arabera banatu dituzte kirolariak geletan. Gosaldu eta afaldu Orioko Ikastolako jolastokian egiten dute. Catering zerbitzuak ekartzen ditu otorduetako jakiak, eta jolastokian mahai luzeak jarri dituzte, txapelketako parte-hartzaileek bertan jan dezaten. Bazkaria, berriz, txapelketa eremura eramaten diete, eta norgahiagoka batetik besterako tartean bazkaltzen dute.
Kirolari askok goiz partean entrenatu egiten du, eguerdi-arratsalde partean txapelketak jokatzen dituzte, eta iluntzea aisialdirako unea izaten da. «Denbora librean ondo pasatzen dute, herrian barrena paseatzen edo hondartzan ikusi daitezke».
Nork bere helburuak ditu
Uretako Joko Atlantikoen helburua «herritarrei uretako jokoak ezagutaraztea da; futbolaz, saskibaloiaz eta eskubaloiaz harago beste mota bateko kirolak ere egin daitezkeela erakutsi nahi dugu, eta modu horretan, uretako kirolak sustatu». Horretarako asteartean abiatu zuten txapelketa eta «martxa onean» doala azaldu dute antolatzaileek. Hasieran «urduritasuna» izaten da nagusi, baina behin uretara sartzen direnean, horiek alde batera utzi eta kirolaz gozatzen dute gazteek.
Txapelketan parte hartzen duten kirolariek edo selekzioek helburu desberdinak izaten dituzte Uretako Joko Atlantikoetan. «Batzuek denboraldi amaiera moduan hartzen dute, eta ondo pasatzea izaten dute helburu. Beste batzuk, berriz, Europako txapelketak prestatzen ari dira, eta horiek serioago lehiatzen dute». 10-12 urteko gaztetxoak ere badira txapelketan, eta horientzat ikasketa prozesuaren parte da elkarretaratzea.