«Beste kirolariek zer maila duten ikusteko balio du txapelketak»

Aiora Larrañaga Solaberieta 2015eko uztailaren 16a

[caption id="attachment_157007" align="aligncenter" width="300"]XXI. Uretako Joko Atlantikoak Oihan Gozategi Urbieta arraunlari oriotarra Uretako Joko Atlantikoak jokatzen ari da etxean Euskadiko Selekzioarekin. (Aritz Mutiozabal/Hitza)[/caption] Orioko Arraun Elkarteko arraunlari gaztea da Oihan Gozategi Urbieta (Orio, 2000). Lehen aldiz Euskadiko Selekziorako deitu dute oriotarra, eta egunotan Uretako Joko Atlantikoetan parte hartzen ari da, etxean. Euskadiko Selekzioarekin horrelako txapelketa batean parte hartzen duzun lehen aldia izango da, ezta? Bai, ni Orioko Arraun Elkarteko arraunlaria naiz. Beti klub mailan lehiatu izan dut Orioko kamisetarekin, eta aurten Euskadiko Selekziotik deitu digute elkarteko lau arraunlariri eta patroiari. Jokin Azkonobieta, Aitor Azurmendi. Ibai Tamayo, Jon Lizarralde eta ni gara. Oso gustura gaude. Zer moduzko esperientzia izaten ari da? Oso esperientzia polita da. Batez ere entrenatu egiten dugu, beste gauzetarako tarte handirik ez dugu. Asteartean eta asteazkenean ibaian jokatu ditugu estropadak, eta gaur itsasoan arituko gara. Lehiatzen ari ez garenean atseden hartzen dugu, txapelketarako prest egoteko. Ikastolako bi eraikinetan lo egiten dugu, eta otorduak Ikastolako pergola azpian egiten ditugu. Zer helburu duzue txapelketa honetan? Ikasteko balio du, beste herrialdeetako kirolariek zein maila dute ikusten dugu eta lehiaketan ahal den lanik txukunena egitea da asmoa. Dena dela, horrez gain dominaren bat iristen bada, hobeto. Egia esan, arraunean behintzat maila oso ona dago txapelketan. Frantziako txapeldunak ere parte hartzen ari dira txapelketan, eta horiek maila oso altua dute. Zer moduzkoa izaten ari da beste kirolariekin harremana? Euskadiko Selekzioko kideok elkarrekin ibiltzen gara, batzuk lehendik ezagutzen genuen elkar eta beste batzuk orain ari gara ezagutzen, eta oso giro ona dugu. Gainontzeko selekzioekin ez dugu harreman handirik. Oriotarra izanda, berezia al da txapelketa etxean jokatzea? Alde batetik, presioa da. Baina bestetik, animo asko ematen du, herritarrak etortzen baitira animatzera eta horrek indarra ematen baitu. Astelehenean, esaterako, desfilea eta inaugurazio ekitaldia ikustera herritar asko gerturatu zen. Zer esanahi du zuretzat joko hauek Orion ospatzeak? Nire iritziz garrantzitsua da. Herritarrei itsasoko jokoak edo kirolak badaudela erakuskeko balio du. Orioko kasua berezia da, arraunak indar handia baitu hemen. Baina beste herrietan haurrek eta gazteek gero eta gehiago futbola aukeratzen dute. Guk uretan ere kirola egin eta ondo pasa daitekeela erakutsi nahi dugu. Horregatik, kirola egin nahi dutenei uretako kirolak probatzeko deia egin nahi diet.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide