Bisigua Orio Estilora Jaialdiaren aurkezpena. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Bisigua Orio Estilora Jaialdi gastronomikoa abiatuko dute bihar arratsaldean eta inaugurazio ekitaldian lehen aldiz Bisiguaren Laguna oroigarria banatuko du Orioko Udalak. Paxita Peña eta Vicente Zaragueta izango dira omenduak; lehenengoa Joxe Mari erretegiko etxekoandrea izanda erretegiko parrilaren atzean urtetan egin duen lan handiagatik omenduko dute eta bigarrena Donostiako Aquariumeko presidentea izanik Oriorekin izan duen loturagatik. Ekitaldian parte hartuko dute Harribil Dantza Taldeak eta Egunsentia Otxoteak.
Lau eguneko jaialdia izango da eta mila lagunek dastatuko dute bisigua Orio estilora prestatua herriko plazan. Horretaz gain, ostiralerako herriko tabernariek pintxo poteo zirkuitua prestatu dute. Larunbatean eguerdian eta arratsaldean parrilan egindako hegaluzea banatuko da eta igandean, berriz, marmitako erraldoia eskainiko dute. Hegaluzea eta marmitako razioak bi eurotan salduko dira.
Hiru bandera izango dira jokoan asteburuan Bisigua Orio Estilora jaialdiaren barruan. (Xabi Zubiri)
Bestalde, kirolak ere protagonismo berezia izango du Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoan. Larunbatean, 17:30ean Euskotren Ligako erlojupeko estropada jokatuko dute. Hori bukatzen denean, 18:00ak inguruan TKE Ligako estropada jokatuko dute, hori ere erlojuaren aurkako estropada izango da. Antolatzailek zehaztu dute estropadak hiru itsas miliatako distantzia izango duela eta hiru ziaboga eta lau luzetan banatuta izango dela. Parte-hartzaileek, San Miguel Ligako sailkapen nagusiaren arabera jokatuko dute estropada hiru txandatan banatuta; txanda bakoitzeko parte-hartzaileak minututik minutura aterako dira. Bestalde, igandean 18:30ean, KAE 1 Ligako jardunaldia jokatuko da Orioko uretan.
Aldaketak zirkulazioan
Jaialdi gastronomikoa herriko plazan egingo dute eta horrek zirkulazio aldaketak eragingo ditu herrigunean. Alde batetik, Herriko Plaza itxi egingo dute ibilgailuentzat osteguneko 14:00etatik igandeko 20:00ak arte eta trafikoa Kaia kaletik desbideratuko dute. Horretaz gain, larunbat arratsaldean Euskotren Ligako eta San Miguel Ligako estropadak jokatuko direnez, Herriko Plaza inguruan zirkulazioa erabat moztuko dute; hau da, herrian sartu eta herritik ateratzeko nahitaez Txanka hondartza errepidea erabili beharko dute.