Larunbat arratsaldean hasi zuen saio berezia Orion, eta leher eginda amaitu zuen erronka igandean Arraunetxe parean. Aspanogiren aldeko ekitaldietako bat izan da.
Leher eginda iritsi zen Karlos Peña igerilaria Orioko Arraunetxera igande arratsaldean. Ez zen gutxiagorako, 24 orduz aritu baitzen tolosarra igerian Oria itsadarrean. Erronka honen helburua ere saioaren parekoa zen, antolatzaile lanetan zegoen-eta Aspanogi, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea. Uretara piratekin elkartasun jaialdiaren barruan egin zuten saioa, eta, Peña igerian zen bitartean, beste makina bat ekitaldi antolatu zituen elkarteak; lur gainean, hori bai.Larunbatean 16:30erako bi minutu falta zirenean sartu zen igerilaria uretara Arraunetxe paretik, eta igandean amaitu zuen igerialdia, 16:30ak pasatxoan. Hala, Oria itsasadarrean igerian gelditu gabe jardun zuen egun batez tolosarrak. Aurreneko unetik animatu zuen jendeak, ahal zuen neurrian ertzera gerturatuz egin baitzuen igeri, jendeak ondo ikusteko moduan. Ongietorri beroa egin zioten erronka amaitu zuenean. Uretatik aterata, aulki batean eseri zen indarrak hartzeko, eta aurreskua dantzatu zioten bi dantzarik. Txapelik ere ez zen falta izan, buzoa jantzita zuela jarri zioten gainera, txapeldunaren oroigarri gisa.
Festa eta ospakizuna izan ziren nagusi momentu horretan, Ane Pirata ere bertan baitzen gaztetxoekin arratsalde pasa.
Behin atsedenaldia hartuta, Peñak esan zuen momenturik txarrenak gauean pasatu zituela.
Saio handia egitea eta helburua betetzea lortu zuen beste behin ere tolosarrak. Izan ere, igerilariak berak egun batzuk lehenago argi esan zion egunkari honi: «Orain haien [Aspanogi elkartea] alde egingo dudan ahaleginak merezi izango du, zalantzarik gabe».