Aurreko asteetako emaitza kaskarrak atzean utzi ditu Oriok pasa den asteburuan.
San Miguel Ligako laugarren estropada Pasaian jokatu zuten larunbatean, eta hirugarren sailkatu ziren oriotarrak. Hondarribi eta Urdaibai gelditu ziren lehen bi postuetan. Baina igandean Donostian Orio gora etorri zen. 20:13 denbora eginda, zazpi segundo atera zizkion bigarrenari: Urdaibairi. Hondarribia hirugarrena izan zen atzokoan.
Estropada osoan zehar oso berdinduta joan ziren aurreneko hirurak, baina azken ziabogan gailendu ziren oriotarrak. Sekulako azken luzea egin zuten, eta horrek hautsi zuen estropada, 6 segundo irabazi baitzituen hor Oriok.
Hala, sailkapen nagusian hirugarren postuan gelditu da Orio, 43 punturekin. Hondarribia da aurrena, 57 punturekin.
Harrera beroa Orion
Atzo iluntzean herritarrek ongietorri beroa eskaini zieten arraunlari gizonezkoei. Beti bezala txarangak lagunduta iritsi ziren herriko plazara, eta txalo artean igo ziren udaletxera. Balkoian bandera astindu, eta txanpain pixka batekin ospatu zuten garaipena.
Udal ordezkariak eta arraun elkarteko arduradunak ere hantxe izan ziren: besteak beste, EAJko Eugenio Cotado Kirol zinegotzia eta Eli Bello zinegotzia, Joxe Angel Iparragirre Orain plataformako zinegotzia eta Ibon Huegun OAEko lehendakaria.