Agintaldiko lehen udalbatzarra Orion. (Karkara)
Astearte arratsaldean Orioko Udalbatza berriak agintaldiko lehen udalbatzarra egin zuen eta barne antolaketa gaiak, ordainsariak eta batzorde informatzaileak eta hainbat erakundetan Orioko Udalak izango duen ordezkaritza onartu zituzten. Alde batetik, Udalbatzak erabaki zuen udalbatzarraren bilkurak hilean behin izango direla hilabeteko azken asteartean. Hasiera batean, EAJk proposatu zuen udalbatzarrak 19:00etan izatea, baina Orainek lan kontuengatik udalbatzarra 19:30ean izatea proposatu zuen eta onartu egin zen aldaketa. Gainera, EH Bilduk proposatu zuen eragileren batek gaiak eragiten dielako udalbatzarra atzeratzea eskatzen badu hori kontutan hartuko dela. Udalbatzak onartu zuen proposamena baina idazkariak zehaztu zuen zinegotzi edo bozeramaile batek egin beharko duela eskaera eta alkateak izango duela aldaketa egiteko azken hitza.
Bestetik, alkate eta zinegotzien liberazioen eta ordainsarien gaia bozkatu zuten. Alkateak proposatu zuen berak %100eko liberazioa eta 60.378 euroko ordainsari gordina izatea, Angel del Hoyo alkateordeak eta Aitziber Campos batzordeburuak %50eko liberazioa izango dute eta 30.189 euroko ordainsaria jasoko dute. Jon Carrera idazkariak zehaztu zuen ordainsaria zehazterakoan 5.000-10.000 biztanle arteko udalerrietako ordezkarien ordainsaria mugatzen duen legea kontutan hartu dela. Azalpenak eman ondoren bozketa egin zuten eta EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bildu eta Orain aurka agertu ziren. EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek aurka bozkatzeko arrazoiak azaldu zituen. "Proposamena atzo jaso genuen eta gaur azken orduan alkateak jakinarazi digu proposamena aldatu dutela eta hasierako txostenean jasota zeuden %30eko bi liberazio ez dituztela aurkeztuko. Guretzat inprobisazio hutsa izan da eta ez da serioa". Bestetik, nabarmendu dute alkatearen eta zinegotzien ordainsaria igo egin dela eta horrek kostu handia dakarrela udalarentzat. Beñat Solaberrieta alkate ohiak esaterako 52.744 euroko ordainsari gordina jasotzen zuen eta zinegotziek Udalhitzeko maila baxuagoa zuten. "Lehen Udalhitzeko 24 ko maila zuen alkateak eta orain 28a izango du, baita zinegotziek ere. Uste dugu herriak beste lehentasun batzuk izan behar dituela".
Orain taldeak bestalde Udal Gobernu berriaren prozedura zalantzan jarri zuen. "Lau urte luzez EAJtik esan diguzue formak ez direla egokiak izan eta dokumentazioa ez zela garaiz iritsi. Gaur landu behar genituen gaiak nahiko garrantzitsuak dira eta guk atzo eguerdian jaso genuen dokumentazioa. Bestetik, bidezkoa ikusten dugu alkateak 28 maila hartzea, erantzukizun handia duelako, baina zinegotziek maila txikiagoa izan beharko lukeela uste dugu".
Horretaz gain,
batzorde informatzaileak eta horien batzordeburuak zehaztu zituzten.
Angel Del Hoyo izango da alkateordea eta Lurdes Salsamendi bigarren alkateordea.
1.- Ogasuna, pertsonala eta kalitatezko batzorde informatzailea. Joxe Angel Zaldua izango da batzordeburua eta Angel Del Hoyo ordezkoa.
2.- Kultura, turismoa eta euskara batzorde informatzailea. Hau bi azpibatzordetan banatu ahalko da. Lurdes Salsamendi izango da batzordeburua eta Eli Bello ordezkoa.
3.- Hirigintza, ingurumena eta gizarte ongizate batzorde informatzailea. Hau bi azpibatzordetan banatu ahalko da. Angel Del Hoyo izango da batzordeburua eta Aitziber Campos ordezkoa.
4.- Obra, zerbitzu eta hezkuntza batzorde informatzailea. Hau bi azpibatzordetan banatu ahalko da. Aitziber Campos izango da batzordeburua eta Angel Del Hoyo ordezkoa.
5.-Kirola eta gazteria batzorde informatzailea. Eugenio Cotado izango da batzordeburua eta Angel Del Hoyo ordezkoa.
6.- Nekazaritza, arrantza, industria eta merkataritza. Eli Bello izango da batzordeburua eta Lurdes Salsamendi ordezkoa.
Astearteko bilkuran
udalbatzarreko kideen erregimen ekonomikoa ere izan zuten aztergai. Joxe Angel Zaldua alkateak proposatu zuen talde politiko bakoitzak hilabetero 350 euro eta zinegotzi bakoitzeko 100 euro gehiago jasotzea. Hautetsiek beren aldetik ere ordainsaria izango dute: batzordeburuek 300 euroko jasoko dituzte hilean eta gainontzeko zinegotziek 200 euro. Ildo horretan, udalbatzarrean zehaztu zuten liberatuta dauden zinegotziek ez dutela mota horretako ordainsaririk jasoko. Idazkariak azalpenak eman ondoren, bozketa egin zuten eta proposamena aurrera atera zen EAJ eta PSE-EEren aldeko zazpi botorekin eta EH Bildu eta Orain udal taldeek ezezkoarekin.
Barne antolaketaz gain, hainbat erakundetan Orioko Udalak izango duen ordezkaritza ere zehaztu zuten.
Urola Kostako Udal Elkartean: Angel Del Hoyo eta Emeterio Iribar
URKOMEn Joxe Angel Zaldua
Gipuzkoako Ur Kontsorzioan Joxe Angel Zaldua izango da ordezkaria eta Aitziber Campos ordezkoa.
UEMAn Orioko Udalak lau ordezkari izan behar ditu eta alkateak erabaki du udal talde bakoitzeko ordezkari bat izatea: Lurdes Salsamendi, Ana Priede eta Amaigoia Iribar izango dira ordezkariak eta Orain udal taldeak aurrerago jakinaraziko du zein izango den beren ordezkaria.
Aurretik zehaztu ez diren gainontzeko organoetan Joxe Angel Zaldua izango da Orioko Udaleko ordezkaria.