'Uretara piratekin' elkartasun jaialdia antolatu dute igerilari tolosarrak eta Aspanogi elkarteak, Orion; 24 orduz egingo du igerian Oria ibaian, larunbateko 16:30ean hasita.
Muturreko zeharkaldietan espezializatutako igerilaria zara. Zenbat daramatzazu jada?Iaz 25 urte bete nituen halako erronkak egiten hasi nintzenetik. Guztira 55 zeharkaldi egin ditut mundu osoan zehar; batzuk kirol erronka pertsonalak izan dira, eta beste asko elkartasun jarduera gisa osatu ditut. Orion egingo dudana bezalako 24 orduko proba bat sekulako jipoia da. Kontua galdua dut, baina 2005ean egin nuen estreinakoz Tolosan, eta harrezkero beste zazpi edo osatu ditut.
Asteburuan Orion izango zara. Lehen aldiz egingo al duzu paraje hauetan?
Orion lehen aldiz egingo dut, bai. Horrelako egitasmo bat antolatzea ez da batere erraza. Ideia izatez neurea izan zen. Lankide baten semeak minbizia du, eta beti jendea nola lagundu pentsatzen ari naizenez, zeharkaldi berri bat egin nezakeela pentsatu nuen. Horrelako saioak solidarioak izaten dira, eta beti musutruk egiten ditut. Hori argi utzi nahi dut. Baina zaila izaten da non eta zer egitea; izan ere, itsasoan ez da batere erraza. Oria ibaian entrenatzen dudala kontuan izanda, alde batetik besterako kilometroak kalkulatzen hasi nintzen, baita mareen gorabeherak aztertzen ere. Halaxe zehaztu dut zirkuitua.
Eta zein izango da diseinatu duzun zirkuitu hori?
Ibaia itsasoratzen den tokitik Aginagako zubia pasata dagoenera 12 kilometro inguru daude; betiere, itsasbeherak eta itsasgorak ekar ditzaketen aldaketak kontuan izanda. 24 ordutan 54 kilometro inguru osatuko ditudala aurreikusten dut. Orioko Udalarekin oso ongi konpondu gara, eta Arraunetxeak azpiegitura oso onak ditu. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearekin harremana dut, hainbat egitasmo egin ditugulako elkarrekin, eta haiekin batera atondu dugu astebukaerako jaialdi hau. Arrisku gutxien duen zirkuitu ikusgarri bat zehaztu dugu, jendeak bertatik bertara jarraitzeko modukoa.
Eremua, beraz, ezaguna duzu: Oria ibaia.
Tolosan bertan egiten dut igeri, baina baita Orion ere. Autobuseko gidaria naiz, eta Zumaiatik abiatuta hasten naiz lanean egunero. Askotan, laneguna bukatutakoan, zuzenean entrenatzera joaten naiz Oriora. Beraz, hori abantaila da niretzako, oso ezaguna baitut eremua.
Baina 24 orduz igeri egiteko ongi prestatuta egon behar da. Zer-nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Orain dela gutxi sei orduko saio bat egin dut Tolosan bertan. Herenegun bi orduz aritu nintzen igerian, aurrekoan hiru edo lau... Autobus gidaria naiz eta hortik bizi naiz, eta beraz, lan txanden arabera moldatzen naiz, lanorduen eta ditudan indarren arabera. Askotan atsedenik hartu gabe sartzen naiz uretara, baina badakit bestela ezinezkoa dela horrelako zeharkaldi bat egin ahal izatea.
Erronka guztiak bizkarrez igeri eginda osatzen dituzu. Erosoagoa delako?
Kasualitatez hasi nintzen igerian. Korrikalari oso ona nintzen, baina 23 urterekin utzi egin behar izan nuen gainkargagatik. Garai hartan Lodosan bizi nintzen, eta egun batean, neoprenozko jantzi batekin Ebro ibaira sartu nintzen, 7.000 metro igerian egitera. Ideia aurreraka igerian egitea zen, baina neopreno hark ez zidan uzten, sekulako sufrimendua baitzen, eta, erdi jolasean, bizkarrez egin nuen. Harrezkero, egin ditudan zeharkaldi guztiak bizkarrez osatu ditut. Baina kontuz ibili beharra dago ibaian: piraguakoek lagundu behar zaituzte, gidatzeko eta edozein arrisku saihesteko.
Eta ahulaldiak zer?
Proba hasi aurretik ez dut pentsatzen 24 orduz uretan egongo naizenik. Jakin badakit, ordea, bizpahiru momentu kritiko izango ditudana. Jendeak uste du gauak direla okerrenak, baina ez da hala: gauez tenperatura jaisten da, eguzkiak ez dizu aurpegian jotzen eta giroa ere lasaitu egiten da. Nire etsairik handiena nekea da, edo giharreak mintzea, eta ez dakizu noiz agertuko den hori. Badakit hori jasango dudala, logurea ere izango dudala, eta horretarako prest egon behar duzu bai fisikoki, bai psikologikoki. Esperientziak horri aurre egiten laguntzen dizu.
Larunbat arratsaldean hasi eta igande arratsaldean bukatuko duzu. Bitarte horretan hainbat jarduera antolatu dituzte, egitasmoa girotzeko.
Bazkaria, parrillada, oinezko martxa bat ere izango da, haurrentzako jolasak eta pailazoak... Oro har, ekitaldi garrantzitsuena nire erronka izango da, eta horren inguruan antolatu dira beste saioak. Ospitalean izan nintzenean guztiz hunkituta atera nintzen, eta orain haien alde egingo dudan ahaleginak merezi izango du, zalantzarik gabe. Gauza polita izango da, eta espero dut jendeak ere egitasmoarekin bat egitea.