Orio Estilora marka berreskuratu nahi du Orioko Udalak bisiguaren festan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 7a

Uztailaren 16tik 19ra 500 bisigu erreko dituzte herriko plazan. Bisiguaz gozatzeko txartelak salgai daude turismo bulegoan, eta telefonoz ere eskura daitezke.Uztailaren 16tik 19ra ospatuko da Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa Orion, eta ostir...

Uztailaren 16tik 19ra 500 bisigu erreko dituzte herriko plazan. Bisiguaz gozatzeko txartelak salgai daude turismo bulegoan, eta telefonoz ere eskura daitezke.

Uztailaren 16tik 19ra ospatuko da Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa Orion, eta ostiral eguerdian Donostiako Paseo Berrian aurkeztu zuten egitasmoa, Jorge Oteizaren Eraikuntza hutsa eskulturaren bueltan. Bertan bildu ziren Orioko alkate Joxe Angel Zaldua eta Lurdes Salsamendi zinegotzia, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkue, Orioko Arraun Elkarteko lehendakari Ibon Huegun eta lau egunetan zehar Orioko plazan bisiguak erreko dituzten Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola parrilleroak, besteak beste.

Aurten zortzigarren urtez ospatuko da, eta hainbat aldaketa egin nahi ditu Orioko Udalak beste urteekin alderatuz. Alde batetik, Bisiguaren Laguna oroigarria banatuko dute lehen aldiz. «Buruan ditugu oroigarria merezi duten hainbat lagunen izenak, eta asteartean bilduko gara udal taldeok, aurtengo Bisiguaren Laguna nor izango den erabakitzeko», zehaztu zuen alkateak. Bestetik, Orio Estilora marka berreskuratu nahi dute. «Herri guztiek berezko ezaugarriak dituztela sinesten dugu, herri bakoitzak bere izaera duelako. Horrek ez du esan nahi herri bat bestea baino hobea denik, herrien artean lehia dagoenik, desberdinak direla baino ez. Aniztasun horrek aberasten du gure lurraldea», azaldu zuen Zalduak. Ildo horretatik, Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa oriotarren estilo propioaren erakusleihoa izatea nahi dute. «Orion bisigua erretzeko estilo propioa dugu, besugerarik gabe erretzen dugu eta ukitu berezia ematen dio horrek. Horretaz gain, itsasoarekin lotura estua dugu, kultura ulertzeko modu berezia eta arrauna bizitzeko grina».

Menua 50 euroren truke

Orioko Udalak bisiguaren jaia aurkezteko Oteizaren eskultura aukeratu izana ez zen kasualitatea izan. «Jorge Oteiza erreferente handia da gure herrian, Oriok inoiz eman duen eskultorerik handiena da. Gure herrian egin zen artista, aitonarekin hondartzara egiten zituen joan-etorrietan deskubritu zuen bere lanetan horren garrantzitsua den hutsunea», zehaztu zuen. Hortik abiatuta Orio eta Oteiza uztartu nahi ditu udalak; Oteiza Oriorekin identifikatzea lortu nahi du. Bestalde, Paseo Berriko zati hori oriotarrentzat sinbolikoki «oso indartsua» dela ere aitortu zuen. «Oteizaren eskultura hartzen duelako eta gure arraunlarien garaipenen lekuko delako» .

Prentsaurrekoan zehaztu zutenez, lau egunetan 500 bisigu prestatuko dituzte parrilleroek, eta mila lagunek bisigua dastatzeko aukera izango dute herriko plazan.

Bisiguaren inguruko jaialdi gastronomikoaren barruan antolatutako otorduren batean parte hartu nahi duten herritarrek txartelak salgai dituzte 50 eurotan Orioko Turismo Bulegoan bertan edo 943-83 55 65 telefono zenbakira hots eginda, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Hurrengo jakiak izango dira menuko osagariak: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak eta bisigua parrillan. Postrea edaria eta kafea ere menuaren barruan sartzen dira, ohi bezala.

Horretaz gain, hilaren 16rako, ostegunerako, herriko tabernariek pintxo poteo zirkuitua prestatu dute; pintxoa eta edaria 1,5 eurotan eskainiko dituzte (bestela ostiraletan izaten da pintxo poteoa herrian). Larunbat eguerdian eta arratsaldean parrillan egindako hegaluzea banatuko dute eta, igandean, berriz, marmitako erraldoia eskainiko dute. Hegaluzea eta marmitako razioak bi eurotan salduko dira.

Bestalde, kirolak ere protagonismo berezia izango du Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoan. Uztailaren 16an, Joko Atlantikoen probak jokatuko dira Orion. Bestalde, hilaren 18an, larunbatean, 18:00etan TKE Ligako estropada jokatuko dute, eta igandean, 18:30ean, KAE 1 Ligako jardunaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide