Uretara Piratekin jaiaren aurkezpena. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak antolatu du Uretara Piratekin festa haur minbizidunen errealitatea eta elkartea ezagutzera emateko eta elkartearen premietarako dirua lortzeko helburuarekin. Horren baitan Karlos Peña igerilariak 24 orduz igerian egingo du Oria itsasadarrean zehar. Tolosarrak kausa solidarioen alde hainbat erronka egin izan ditu eta igerilaria bera izan zen Aspanogiri mota horretako proba egiteko proposamena egin ziona.
Larunbatean 16:30ean sartuko da Peña uretara Orioko Arraun Elkartetik eta igandeko 16:30ean amaituko du proba. Aginagako zubitik Oriako itsasadar amaiera arteko ibilbidea osatu beharko du eta joan-etorrian ibiliko da 24 orduz. Karlos Peña igerilariak azaldu duenez, "esfortzu fisiko eta psikiko handia eskatzen du mota horretako proba batek. Gogorra da, baina merezi du. Haur minbizidunek eta beren gurasoek gaixotasun osoan zehar une gogorrak pasa behar izaten dituzte; nire ahalegina, berriz 24 ordukoa besterik ez da" zehaztu du igerilariak prentsa agerraldian.
Uretara piratekin izenburua izango du festak eta Aspanogi elkartetik jakinarazi dute beren elkarteak adintxikiko minbizidunei piratak hots egiten dietela, "uneoro erakusten duten ausardia eta kemenagatik eta abenturak bizitzeko dituzten gogoagatik. Hortik dator jaiaren izenburua". Jaian zehar minbizia duten haur guzti horiek gogoan izango dituzte eta ekimenetan parte hartzen duten haur, guraso eta herritar orok zapi pirata horia jantziko dute. Gainera, Karlos Peñak Ospitaleko haurren eta Aspanogiko piraten sinadurak agertzen diren kamiseta eramango du neopreno jantziaren azpitik.
Astebururako egitarau oparoa
Erronkaz gain, ekimenean giroa jartzeko larunbat arratsaldean Orioko Ikastolaren aurrean Ane Pirata, Irrien Laguneko gaztelu puzgarriak, haurrentzako tailerrak eta euskal ghymkana izango dira. Bertan parte hartzeko euro bateko elkartasun sarrera ordaindu beharko dute herritarrek eta trukean kolore horiko zapi pirata emango dute. Gainera, dinamika bat ere egingo dute, Karlos Peñaren neopreno trajeak zenbat kilometro egin dituen asmatu beharko du jendean euro baten truke.
Bestalde, igande goizerako Martxa Nordikoa antolatu dute Orioko kanpinetik atera eta plazara. Eguerdian, berriz, Basque Culinary Centerreko 5 ikasleek egindako paella erraldoia banatuko da.
ASPANOGI elkartetik jakinarazi dute tiketak eta elkartasun sarrerak erosten dituztenen artean Martin Berasategik emandako txaketilla eta afaria zozkatuko dituztela.
Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartetik herritarrak festan parte hartzera animatu nahi dituzte. "Pirata gaixo bat arrazoi nahiko da denok elkartu eta festan parte hartzeko. Jantzi dezagun denok jantzi pirata".
EGITARAUA
Uztailak 11, larunbata
- 16:30ean, Karlos Peñak erronkari hasiera emango dio eta ASPANOGIko haur eta familiak egongo dira animoak ematen.
- 16:30etik 19:30era, ASPANOGIk karpa jarriko du Orioko Ikastolan: Irrien Lagunen gaztelu puzgarriak, Ane Pirata, haurrentzat tailerrak, euskal ginkana.
Uztailak 12, igandea
- 10:30ean, Elkartasuneko Martxa Nordikoa. Elkarteak parte-hartzaileei bastoiak utziko dizkie.
-14:00etan, paella erraldoia plazan.
- 16:30ean, Karlos Peñari ongi-etorria.