Gaur Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa aurkeztu dute Donostiako Paseo Berrian, Jorge Oteizaren 'Eraikuntza hutsa' eskulturaren aurrean. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Uztailaren 16tik 19ra ospatuko da Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa eta gaur eguerdian ekimenaren aurkezpena egin dute Donostiako Paseo Berrian, Jorge Oteizaren
Eraikuntza hutsa eskulturaren bueltan. Bertan bildu dira Orioko alkate Joxe Angel Zaldua, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkue eta lau egunetan zehar Orioko plazan bisiguak erreko dituzten Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola parrileroak.
Aurtengoa zortzigarren edizioa izango bada ere hainbat aldaketa egin nahi ditu Orioko Udalak beste urteekin alderatuz. Alde batetik, Bisiguaren Laguna oroigarria banatuko dute lehen aldiz. "Oroigarria merezi duten hainbat lagunen izenak buruan ditugu eta datorren astean bilduko gara udal taldeok, aurtengo Bisiguaren Laguna nor izango den erabakitzeko" zehaztu zuen alkateak.
Bestetik, Orio Estilora marka berreskuratu nahi dute. "Herri guztiek berezko ezaugarriak dituztela sinesten dugu, herri bakoitzak bere izaera duelako. Horrek ez du esan nahi herri bat bestea baino hobea denik, herrien artean lehia dagoenik, desberdinak direla baino ez. Aniztasun horrek aberasten du gure lurraldea" azaldu du Orioko alkateak. Ildo horretan, Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa oriotarren estilo propioaren erakusleihoa izatea nahi dute. "Orion bisigua erretzeko estilo propioa dugu, besugerarik gabe erretzen dugu eta ukitu berezia ematen dio horrek. Horretaz gain, itsasoarekin lotura estua dugu, kultura ulertzeko gure modua eta arrauna bizitzeko grina eta modu berezia".
Aurkezpena egiteko Jorge Oteizaren
Eraikuntza Hutsa eskultura aukeratu izana ez da kasualitatea izan. "Jorge Oteiza erreferente handia da gure herrian, Oriok inoiz eman duen eskultorerik handienetakoa. Gure herrian egin zen artista, aitonarekin hondartzara egiten zituen joan-etorrietan deskubritu zuen bere lanetan horen garrantzitsua den hutsunea" zehaztu du Zalduak. Hortik abiatuta Orio eta Oteiza uztartu nahi ditu Orioko Udalak, Oteiza Oriorekin identifikatzea nahi du". Gainera, Paseo Berriko zati hori oriotarrentzat sinbolikoki oso indartsua dela ere aitortu dute. "Oteizaren eskultura hartzen duelako eta arraunaren tenplua delako, gure arraunlarien garaipen handien lekuko" berretsi du.
Jaialdi gastronomikoa
Urtero bezala, bisigua izango da errege Orion uztailaren 16tik 19ra bitartean. Lau egunetan 500 bisigu prestatuko dituzte eta mila lagunek bisigua dastatzeko aukera izango dute. Otorduren batean parte hartu nahi dutenek txartelak salgai dituzten 50 eurotan Orioko Turismo Bulegoan bertan edo 943-835565 telefono zenbakira hots eginda 10:00etatik 13:00etara edta 16:00etatik 18:00etara. Hurrengo platerek osatuko dute menua: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrilan, postrea edaria eta kafea.
Bisigua Orio Estilora ekimenaren aurezkepenean bisigu errea prestatu dute parrileroek. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Horretaz gain, hilaren 17rako, ostiralerako herriko tabernariek pintxo poteo zirkuitua prestatu dute. Larunbatean eguerdian eta arratsaldean parrilan egindako hegaluzea banatuko da eta igandean, berriz, marmitako erraldoia eskainiko dute. Hegaluzea eta marmitako razioak bi eurotan salduko dira.
Bestalde, kirolak ere protagonismo berezia izango du Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoan. Hilaren 18an, larunbatean, 18:00etan TKE Ligako estropada jokatuko da eta igandean 18:30ean, KAE 1 Ligako jardunaldia.