13:00etan hasi dira
Orioko Herri Ikastolak antolatutako triatloi probak. San Pedro jaien atarian, haurrek hartu dute parte aurrena 7. Triatloi Herrikoian, DBHko gaztetxoek ondoren, eta azkenik, 14:00etan hasi da helduen proba. Proba herrikoia denez, ibilbide laburrak egin dituzte, eta parte-hartzaileak gutxi izan arren, ikusle mordoa bildu dute, eta baita animo asko jaso ere ibilbidean zehar.
Helduetan bi emakumezkok eta 14 gizonezkok hartu dute parte: Bego Urbitarte izan da lehen emakumea 29:10 denborarekin, eta Leire Gardiel bigarren, 31:43 denborarekin. Gizonezkoetan, Ekaitz Otegik jantzi du txapela, 22:40 denbora eginda. Atzetik sailkatu da, 11 segundoko aldearekin, Adrian Castañeiras. Hirugarrena Julen Usandizaga izan da 23:47 denborarekin.
Tandemean
Bitxikeria gisara, Carlos eta Joxean Rodriguez Sierra tandemean egin dute bizikletako zatia, eta umore onean egin dute ibilbidea, ikusleak agurtuz eta broma artean. Korrika ere batera aritu dira, elkarren ondoan, eta horrelaxe helmugaratu dira.
Helmugara elkarrekin
Gazteetan Carlos eta Joseba Rodriguez Sierra anaiak izan dira irabazleak, eta batera sartu dira helmugan, elkarri eskutik helduta (gero helduetan haien familiakoek egin duten bezalaxe). 14:33 denbora egin dute. Eneritz Aramendik irabazi du nesketan, 16:25 denborarekin (Maddi Sukunza izan da beste parte-hartzailea, 18:23an egin du hark proba). 10 mutilek hartu dute parte guztira.
Gazteenak ugarien
Haurren proban egon da parte hartze gehien. 15 neskak eta beste horrenbeste mutilek egin dute triatloi proba, eta nesketan berdinketa egon da: Naia Makazaga eta Amaia Rodriguez Sierra izan dira bizkorrenak 10:28 denborarekin, eta horiek ere elkarri eskutik helduta gurutzatu dute helmuga. Mutiletan Aimar Sukunzak irabazi du, 8:40 denborarekin.