Herritarrek jaietan parte hartzea nahi du EH Bilduk. (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Bihar abiatuko dituzte San Pedro Jaiak Orion eta EH Bildu udal taldeak herritarrak festara animatu ditu. "Aurreko udal gobernuak antolatu ditu festak eta ekitaldi indartsuak daude programan; hala ere, herritarrik gabe ez da festarik" aldarrikatu dute. Orioko EH Bildutik zehaztu dutenez, aurreko udal gobernuak festen antolaketa "oso aurreratuta" utzi zuen eta "herritarrekin eta eragileekin elkarlanean antolatutako" ekitaldi ederrak izango direla nabarmendu dute.
EH Bildu egun udal gobernuan ez badago ere, koalizioko kideak, zinegotziak eta zinegotzi ohiak San Pedro Jaietan lanean izango dira. "Udal Gobernua aldatu arren herriko festak lehen adina bizi ditugulako behar den guztietan lagunduko dugu, festetan eta udalean" azaldu dute.
Bestalde hauteskunde osteko kasketarik ez dutela nabarmendu dute. "Bai baitakigu zer gogorra den Orioko Udala gobernuz aldatu berritan ordura arte lanean ari ziren herritarrek zinegotziei bizkarra ematea. Aurreko legealdi hasieran gertatu zen hori".