Larunbatean jokatuko da Orion Euskal Herriko XXVII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 25a

Goizean izango da txapelketa eta eguerdi-arratsalde partean bazkaria eta jaialdia egingo dute.

Iaz ere Orion jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Larunbatean Euskal Herriko XXVII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatu dute Orion, San Pedro Jaien barruan. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatu dute txapelketa. Aurten, 15-18 urte bitarteko 112 gaztetxok parte hartu dute lehian; horietatik bederatzi bertsolari gazte iritsi dira finalera, tartean Iñigo Ibañez azpeitiarra. Ibañezek eskolarteko txapelketako finalean parte hartuko duen bigarren urtea izango da aurtengoa, animatuta dago gaztea. «Iaz parte hartu nuen eta oso esperientzia polita izan zen», esan du azpeitiarrak. Iaz parte hartzen zuen lehen urtea izanik, «gehiago prestatu» zela aitortu du: «Ez nekien zer zen, eta lan txukuna egin nahi nuenez gehiago entrenatu nuen. Aurten, berriz, lasaiago nago bai baitakit nolakoa izango den lehiaketa, eta ez dut horrenbeste estutu neure burua». Ibañezek finalean parte hartuko duten gainontzeko bertsolariak ezaguttzen ditu: «Ez dut faborito nabarmenik ikusten, baina ni neu irabaztera joango naiz finalera». Egun osoko jaialdia Bertsoaren bueltan egun osoko jaialdia antolatu dute larunbaterako Orion. 11:00etan hasiko da bat-bateko bertso finala Orioko pilotalekuan. Bertan bost ariketa egin beharko dituzte bederatzi parte-hartzaileek: agurreko bertsoa; binaka parte-hartzaile bakoitzak bina bertso zortziko handian eta beste bi bertso zortziko txikian; bakarka gaia emanda bertso bana gehienez bost puntuko neurrian; eta, bukatzeko agurreko bertsoa. Maialen Lujanbiok aurkeztuko du saioa, eta Sustrai Colinak jantziko dio txapela nagusitzen den bertsolariari. Eguerdian bazkaria egingo dute plazan bertako produktu ekologikoekin, eta 15:00etatik 18:00etara festa izango da. Han Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina bertsotan ariko dira gai librean, eta Keshala eta Bi Bala taldeek saioa eskainiko dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide