Hiru domina lortu dituzte oriotarrek Aulki Mugikorreko Espainiako txapelketan

A. Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 22a

Orioko Arraun Elkarteko zortziko absolutuak zilarrezko domina lortu zuen Espainiako Txapelketan. Asteburuan Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketa jokatu zen Sevillako (Andaluzia, Espainia) Cartuja pista olinpikoan. Jubenil, senior eta beterano mailako arraunlariek parte hartu zuten lehian eta ostiralean, larunbatean eta igandean jokatu zituzten estropadak. Orioko Arraun Elkarteko 10 ontzik parte hartu zuten Espainia mailako lehian eta horietatik zortzi finalerako sailkatu ziren. Larunbatean jokatu zituzten betenaroen finalak eta Jabier Puertasek brontzezko domina lortu zuen. Igandean jubenil mailako finalean Orioko lemazainik gabeko laukoa azkarrena izan zen eta urrezko domina eskuratu zuten Aritz Hernandezek, Joseba Azkonobietak, Eneko Itxasok eta Martxel Aldaik. Bestalde, senior mailako zortziko absolutuak zilarra eskuratu zuen Espainiako Txapelketan. Hurrengo arraunlariek parte hartu zuten norgehiagokan: Unai Lizarralde; MA Millares; Jaime De Haz; Arkaitz Goñi; Jon Carazo; Unai Etxeberria; Ander Zabala; Imanol Garmendia; Iñaki Diaz (Lemazaina).  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide