Orioko Arraun Elkarteko sortzaile Antonio Campos. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
ANTONIO CAMPOS/ORIOKO ARRAUN ELKARTEKO SORTZAILEA
Gogoan al duzu zer arrazoigatik erabaki zenuten elkarte berria sortzea?
Taldetxo bat bildu ginen 1965eko udaberrian, eta tartean zen Emilio Olazabal. Garai horretan Zarautzen kirol arloan mugimendu handia zegoen, eta Olazabal zen horren arduraduna. Oriotarrok bagenekien herrian beti izan zela arraunerako grina, eta uste genuen egokia izango zela indar hori elkarte batean biltzea. Horretaz gain, orain bezala lehen ere Orioko arraunlariak onenak zirela pentsatzen genuen; baina, mundu mailan hori erakutsi nahi bagenuen, gainontzeko herrialdeetan egiten zen arraun modalitatean lehiatu behar genuen, alegia, arraunketa mugikorrean. Hasieratik argi izan genuen berrikuntza ona zela, baina tradizioa ez genuela galdu behar. Horregatik, leloa jarri genion gure proiektu berriari: Tradizioa galdu gabe olinpismoruntz.
Ordura arte nola bizi izan zen arrauna Orion?
Ordura arte arrauna kirola baino gehiago lehiaketa zen. Udalean trainerua osatzeaz arduratzen zen batzorde bat zegoen, eta horrek arraunlariak biltzen zituen estropadak baino bi hilabete lehenago. Entrenamendu batzuk egiten zituzten arraunlariek, eta udan estropadak jokatu.
Elkartea sortzeak zer aldaketa eragin zituen?
Lehenik eta behin, bagenekien aulki mugikorra egiten hasi behar bagenuen, modalitate hori menperatzen zuen teknikoa behar genuela. Teknikoa bilatzea izan zen lehen urratsa. Alemaniar batekin harremanetan jarri ginen, eta baiezkoa eman zigun, baina azken momentuan beste bat bidali ziguten: Peter Karres arraunlari alemaniarra. Oso pozgarria izan zen, zeren Oriora etorri zen eta erabat euskaldundu zen; Billabonako neska batekin ezkondu zen Orion, eta Alemanian bizi badira ere, beren bi alabek euskaraz primeran hitz egiten dute.
Prestatzaile fisiko bat ere hartu zenuten, ezta?
Karresek aulki mugikorreko teknika erakutsi zigun, baina uste genuen kirolean aurrera egin nahi bagenuen prestatzaile fisiko bat ere ekarri behar genuela. Garai horretan Emilio Olazabalek Maiz korrikalaria prestatzera Albert Mainella prestatzailea ekarri zuen, eta guk arraun elkarteko entrenatzaile fisikoa izatea proposatu genion. Proiektua gustatu zitzaion, eta etorri egin zen. Hasieran Toki Alai hotelean geratu zen, baina guk ostatua ordaintzeko dirurik ez genuen, eta neure etxera eraman nuen bizitzera. Neu ezkondu berria banintzen ere, Orion prestatzaile lanetan ibili zen urte guztietan gure etxean bizi izan zen, 1976a arte. Hark gure mutilak kirolari bihurtu zituen, eta iraultza ekarri zuen arraun mundura.
1965ean elkarte berria sortu eta 1968an antolatu zenuten lehen nazioarteko estroapa Orion. Azkar ibili zineten, ezta?
Arraunketa mugikorraren aldeko apustua egin genuen, baina kirol ezezaguna zen inguruan, eta modalitatea gizartean zabaltzeko eta bultzada emateko estropada garrantzitsu bat antolatzea pentsatu genuen. Emilio Olazabalen ideia izan zen Oxford eta Cambridge taldeak gonbidatzea. Primerako ideia iruditu zitzaigun, eta gestio politiko bat egin genuen. Garai horretan, Jose Maria de Areilza Mutrikuko Kondea ministroa zen; uda garaian etortzen zen Mutrikura, eta egun batean bere etxera joan ginen ideia azaltzera. Asko gustatu zitzaion, eta berak lagunduko zigula agindu zigun; haren bidez jarri ginen harremanetan Oxford eta Cambridge taldeekin. 1968an eta 1969an antolatu genituen estropadak, eta festa ikusgarria izan zen Orion; hori bizi zuten oriotarrek oraindik esaten dute Orion egin den festarik jendetsuena eta handiena izan dela.
Zuek oso argi zenuten zein zen bidea?
Bai, elkartea sortu genuenean hartu genuen lehen erabakia izan zen arraunketa mugikorrean kontzentratzea eta hori menperatu arte tostako arraunketa alder batera uztea. Ez zen erabaki erraza izan, oriotarrentzat trainerua garrantzitsua baitzen. Dena dela, herriak ondo hartu zuen erabakia, eta mila bazkide lortu genituen elkarte berrirako. Gure asmoa arraunlari berriek Kontxako Estropada irabazteko gaitasuna zutenean trainerua ateratzea zen, eta 1970a izan zen urte seinalatua. Beti esaten dut, 1970eko Kontxako Estropadetan iraultza gertatu zela tostako arraunketa tradizionalean.
Orioko Arraun Elkarteko traineruak 1970ean Kontxako Estropada irabazi zuen. (Kutxako Argazki Artxiboa)
Zer gertatu zen estropada horoietan?
Lehen esan dudan bezala, ordura arte arrauna lehia zen, arraunlariak bi hilabetez traineruan ibiltzen ziren eta estropadak jokatzen zituzten. Orio, berriz, 14 atletarekin joan zen 1970eko Kontxako Estropadara. Garai horretan traineruak estropada baino lehentxeago uretara ateratzen ziren, Aquarium pareraino joan-etorria egin eta estropada jokatzen zuten. Egun hartan, Orio estropada baino ordubete lehenago uretaratu zen berotzeko. Ikusleak barrez aritu ziren, estropada aurretik nekatuko zirela eta erotuta zeudela esanez. Estropadan, ordea, Oriok minutu bateko aldea atera zion bigarrenari. Ikusleak eta arraun munduko jendea aho zabalik geratu zen, eta konturatu ziren Oriori irabazi nahi bazioten gure metodologia bera jarraitu beharko zutela. Ordutik, entrenatzaileak eta prestatzaile fisikoek garrantzia hartu zuten arraun munduan, eta urte osoan zehar entrenatzen hasi ziren arraunlariak. Guztiz aldatu zen tostako arrauna, arraunlariak goi mailako kirolariak bihurtu ziren eta kirola bera modernizatu egin zen.
Prestaketa fisikoa izan al zen iraultza horretan giltza?
Bai, Albert Mainella etorri zenean egin zuen lehen gauza tosta gainean eseri eta mutilak arraunean ari ziren bitartean zein gihar erabiltzen zituzten ikustea izan zen, ondoren horiek indartzeko plangintza prestatzeko.
Mota horretako proiektua martxan jartzeko finantziazioa garrantzitsua izango zen. Nola moldatzen zineten?
Ez genuen xoxik, iritsi ezinik ibiltzen ginen. Nik Kutxan egiten nuen lan, eta pare bat aldiz nire postua arriskuan ere jarri nuen. Bazkideek kuota txiki bat ordaintzen zuten, eta noizean behin federazioak ere laguntzatxo bat ematen zuen, baina ontziak erosteak gastu handia zuen, eta letrekin moldatzen ginen. Gogoan dut behin frantziar bati ontziak erosi genizkiola, hainbatetan etorri zen kobratzera baina ez genuen ordaintzeko dirudik, eta behin Kutxako bulegora azaldu zitzaidan. Kajoitik dirua hartu eta ordaindu egin nion, eta faktura utzi nuen bertan. Kasualitatea izan zen, baina hurrengo egunean ikuskatzailea etorri zen eta, dirua kontatu zuenean, falta zela ohartu zen. Horrela ibiltzen ginen.
Gaur egun elkartea ikusten duzunean, ez al duzu pentsatzen erabaki ona hartu zenutela?
Normalean hasieran ideia guztiak onak izaten dira, jarraipena izaten da gakoa. Guk zuzendaritza batzordea utzi genuenean, beste batzuek hartu zuten gidaritza, eta 50 urte pasa badira ere, gaur egungo batzordeak gogoz eta indarrez jarraitzen du lan bikaina eginez. Lehen aldiz arraun teknifikazio zentroa ikusi nuenean ikaragarria iruditu zitzaidan, baina orain horri etekina atera behar zaiola iruditzen zait, eta ildo horretan lanketa egin beharko du elkarteak.
Lekuona: «Mainellaren metodologia berritzailea zen, lotsatuta ibiltzen ginen gu»
[caption id="attachment_152804" align="aligncenter" width="260"]

Juan Angel Lekuona 1970ean Kontxako Bandera irabazi zuen arraunlarietako bat izan zen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
JUAN ANGEL LEKUONA/ ARRAUNLARI OHIA
Elkartea sortu zenean hasi zinen arraunean zu.
Zarauzko Kirol Elkartean jokatzen nuen futbolean. 1967an Orio Arraunketa Elkartean jendea falta zuten, eta deitu egin zidaten. Hamasei urte nituen. Ordura arte ez nuen inoiz arraunean egin, probatu eta gustatu egin zitzaidan. Arraunketa mugikorra egiten zen orduan, ezezaguna zen niretzat, baina ontzian sartu eta gure kasara ikasi genuen. Arraunketa mugikorreko ontziak oso txoroak dira, eta askotan erori ginen putzura ikasten ari ginela. Bi urte jubeniletan ibili ondoren senior mailara pasa ninduten. Urte hartan etorri zen Albert Mainella, eta guztiz aldatu zuen entrenatzeko eta arrauna ulertzeko modua.
Zein izan ziren aldaketa horiek?
Kalean korrika eginarazten zigun, moilan metro bateko hesiak jartzen zituen eta bi hankak elkartuta horiek saltoka ibiltzen ginen, eta pesak ere egiten genituen. Metodologia berritzailea zen garaian, eta gu lotsa-lotsa eginda aritzen ginen. Ordura arte estropadetarako entrenatzeko 20 minutu arraunean aritzen ziren taldeak. Betitik arraunlari izan zirenek zoratuta geundela esaten ziguten. Etxean, esaterako, arraunera zaletasun handia zegoen, eta aitak beti galdetzen zidan zein entrenamendu egiten genuen; azaltzen nionean, estropada ez genuela bukatuko erantzuten zidan.
Entrenamenduez gain beste aldaketarik izan al zenuen?
Elikadura ere aldatu zigun Mainellak. Ordura arte arraunlariek ura edatea galarazita zuten, txarra zela pentsatzen zelako. Gu, berriz, hiru litro edatera behartzen gintuzten. Bestetik, lehen arraultzekin egindako pontxeak hartzen zituzten eta gu, berriz, berdura, pasta eta, oro har, elikadura osasungarriagoa jarraitzen hasi ginen.
Oriotarrak eszeptikoak baziren ere, 1970. urteko Kontxako Estropadan bide onetik zindoaztela ikusi zenuten, ezta?
1970eko Kontxako Estropadan garai berri bat abiatu genuen. Oso ondo gogoratzen naiz estropada hartaz. Lehenik eta behin, Paseo Berrian barrena 10 minutu korrika egin genuen; ondoren uretara atera eta 20 minutuan kanpoko balizetara joan-etorria egin genuen, gero minutuko seriak egin genituen, eta entrenamendua bukatzeko, bost minutuko joaldi bat egin genuen intentsitate altuan. Bitartean, gainontzeko taldeak oraindik ez ziren uretara atera.
Arraroa egingo zitzaien ikusleei...
Moila inguruan bildu ziren oriotarrek zoratuta geundela uste zuten. Bost urte pasa ziren Oriok azkenekoz Kontxako Estropadan parte hartu zuenetik, eta oriotarrak irrikaz zeuden, baina gur ordubete lehenago uretan ikusi gintuztenean, estropada hasi baino lehen nekatu egingo ginela pentsatu zuten. Beroketak amaitzean entrenatzaileak glukosa eman zigun, eta zazpi minutu lasai egon ginen. Estropadaren hasietatik ikusi zen aldea, Aquarium parera iristerako hiru-lau txalupako aldea atera genien gainontzekoei, eta aldea handitzen joan zen. Gainera, orduan helmugara iritsitakoan arraunlariak nekatuta tosta gainean erortzen ziren; baina guri estropada amaitzear geundela Altxerri patroiak geratu gabe portura joateko agindu zigun.
Prestaketaren emaitza izan al zen hori?
Noski baietz. Gu oraindik mutil koskorrak ginen, ni nintzen traineruko gazteena, 19 urterekin, baina zaharrenak 22 urte izango zituen gehienez. Egun hartatik aurrera zeharo aldatu zen arrauna. Azkarra izan zen bilakaera, 1973an ez genuen Kontxako Estropada irabazi eta 1975rako talde guztiak oso ondo prestatzen ziren. Bi-hiru hilabete entrenatzetik, bederatzi hilabetez entrenatzera pasa ginen.
Asko aldatu al da arrauna ordutik?
Bai. Lehen ontziak eta arraunak egurrezkoak ziren, egun fibrazkoak. Guk barrakoi zahar bat genuen, eta dutxatzeko ur hotz tantona gutxi batzuk botatzen zituen txorrota. Gainera, ez zegoen egungo ontziralekurik, eta marea behean lokatzetan belaunetaraino sartu behar izaten genuen uretara. Garai zaharrak gogoratzen ditugunean gure garaiko arraunlariok esaten dugu gaur egungo teknologia izan bagenu, lortu genuena baino gehiago lortuko genukeela. Nik zortea izan nuen; munduko txapelketa jokatu nuen, eta Europa osoa zeharkatu nuen arraun txapelketetan parte hartuz. Arraunak dirurik ez zidan eman, baina bestela izango ez esperientziak biziarazi zizkidan.