Lau gaitan banatu dute curriculuma: euskara, gizarte zientziak, natur zientziak eta musika. Bakoitzeko edukia zehaztu, eta horiek lantzeko materiala prestatu dute.
Ostiral arratsaldean herrira egokitutako curriculuma aurkeztu zuen Orioko Curriculuma Sortzen taldeak Kultur Etxean. Bertan, herriko ikastetxeetako haurrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean Oriori buruz jakin beharreko edukiak zehaztu dituzte, eta konpetentzia horiek landu ahal izateko materiala ere prestatu dute.Duela lau urte hasi zuten proiektu berritzailea. Bidean hainbat zalantza eta erronka gainditu behar izan badituzte ere, «oso gustura» daude lortutako emaitzarekin. «Proiektuan parte hartu duten adituekin harreman ona izan dugu, eta eskertuta gaude, proiektuan buru-belarri murgildu baitira», azaldu du Iñigo Gaiton koordinatzaileak.
Dena dela, bidean gainditu beharreko hainbat oztopo ere izan ditu taldeak. «Euskal Herrian laupabost herri curruculum daude martxan, baina guk egin dugun modua orain arte landu gabea zen, eta lanean hasi ginenean erreferente falta sumatu genuen zenbait unetan».
Bestalde, orri zuriaren aurrean jarri zirenean ere zalantza ugari sortu zitzaizkien taldekideei. «Izan ere, gu ez ginen arlo horietan adituak, eta horregatik ikusi genuen ezinbestekoa zela adituekin elkarlana. Ondoren, materiala biltzen hasi ginenean, oraindik zehaztu gabe genuen zein euskarritan argitaratuko genuen Orioko Curriculuma, eta hori erabakitzea ezinbestekoa izan zen zein forma eman jakiteko». Azkenean, Orioko Curriculuma orio.eus atarian eskuragarri jartzea erabaki dute, «webguneak marko teorikoa eta material osagarri bat egiteko bidea eskaini baitigu».
Edukia ikastetxeen esku
Behin Orioko Curriculuma bukatuta, ikastetxeei dagokie orain edukia ikasgelan aplikatzea. Zaragueta Herri Eskolako zuzendari Juanjo Zubizarretaren esanetan, «oso proiektu interesgarria da eta eskolako irakasleek parte-hartze zuzena izan dute curriculuma osatzerako orduan». Iritzi berekoa da Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizar ere. «Ikastolen elkartetik Euskal Curriculuma osatzeko lanketan parte hartu genuen. Hala ere, Euskal Curriculumak herri mailako curriculumak osatzea eskatzen zuen, eta kasu honetan Orioko Curriculuma Sortzen taldeak ireki zuen bidea. Hori osatzeko prozesuan parte harte dugu, eta oso gustura gaude lan txukuna egin baita». Orain eduki bakoitza zein mailatan txertuko duten zehaztuko dute ikastxeek, lehenbailehen gaia lantzen hasteko.
Orioko Curriculuma lau arlotan banatu dute: euskara, gizarte zientziak, natur zientziak eta musika. Taldeko kideek adituen laguntzarekin ikasgai bakoitzean landu beharreko edukia prestatu dute, baita eduki hori lantzeko jarraitu beharreko ikuspuntua ere.
EUSKARA
Orioko Curriculuma Sortzen taldeak uste du Orio euskararen arnasgunea izanik oso garrantzitsua dela «euskal hiztun kontzienteak» sortzea herrian. Orioko Curriculumeko kideek Agurainen egin zuten ikasturteko azken ekimena, eta bertako euskaltzaleek euskararekiko duten grinak atentzioa eman zien oriotarrei. «Aguraindarrek ez dute euskara modu naturalean jaso, eta euskara ikasteko eta euskaraz hitz egiteko esfortzua egin behar dute. Ahalegin horretatik euskararekiko maitasuna eta harrrotasuna sortu da. Orion, aldiz, euskara modu naturalean jaso dugunez, askotan ez gara jabetzen euskara ahoan edukitzea nolako altxorra den», azaldu du proiektuko koordinatzaile Iñigo Gaitonek.Horregatik, Orioko haurrei harrotasun hori helarazi nahi diete, eta beren bizitzan euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten lagunekin biltzen direnean lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz jabetuarazi.
Bestetik, Orioko euskarari dagokionez, herriko hizkera eta euskalkia ezagutu, inguruko herrietako hizkerekin alderatuz desberdina zergatik den jakin eta geografiak hizkeran zein eragin duen ezagutzea ere nahi dute. Horrez gain, baita Orion galtzen ari diren hainbat esaera eta hitz ere.
Horretaz gain, euskalgintzan Orioko herritar eta eragile garrantzitsuak ezagutzea ere badu helburu Orioko Curriculumak; besteak beste, Orioko idazle eta bertsolari garrantzitsuenak eta Errikotxia bertso eskola.