Anibarko Portuko Jaiak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Larunbatean Anibarko Portuan auzoko jaia ospatuko dute eta Garmendiazpi Auzo Elkarteko festa batzordeak dena prest du egun handirako. Urtero bezala ez dira faltako, patata tortila lehiaketa, mus txapelketa, haurrentzako puzgarriak eta jolasak eta sardina jana eta sagardoa txotxetik besteak beste. «Urtero antolatzen ditugun ekimenak dira eta arrakasta izaten dute. Normalean eguraldiak lagun izaten dugu gainera eta auzotarrez gain, herrigunetik jendea ere etortzen da Anibarko Portura» azaldu du Rosi Lazkano auzo elkarteko kideak.
Aurten berrikuntza bezala plaza dantza saio antolatu dute arratsalde parterako Errebal taldearekin. «Auzo elkartea sortu genuenean Orioko Udalak lokal eder bat utzi zigun eta bertan zer egin genezakeen aztertzen ari ginela Jexux Alkortak proposatu zuen taldetxoa sortzen bazen bera euskal dantzak erakuskeko prest izango litzatekeela». Ordutik 10 lagun inguruko taldea biltzen da astero Anibarko Portuan plaza dantzak eta erromeria dantzak ikasteko. Orain urrats bat aurrera eman eta auzotarrak eta herrigunetik festara etortzen diren herritarrak dantzan jarri nahi dituzte. Beraz, ondo pasatzeko gogoz daudenak ongi-etorriak izango dira larunbatean Anibarko Portuko Jaietan
EGITARAUA
Ekainak 20, larunbata
Goizetik hasi eta arratsaldera arte antigualeko gauzen eta zurezko arte-lanen erakusketa jarriko dute.
10:00etan, jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dute. Jarraian diana izango da auzoan trikitixarekin
11:00etan, haurrentzat jolasak egingo dituzte. Puzgarriak, apar festa eta haur jolasak antolatu dituzte.
11:30ean, erretiratuentzat hamaiketakoa eskainiko dute Kaioa tabernan.
12:00ean, sardin jana egingo dute eta sagardoa eskainiko dute txotxetik.
12:30ean, tortila patata lehiaketa egingo dute eta ondoren tortila pintxoak banatuko dituzte.
15:30ean, mus txapelketari hasiera emango diote.
17:00ean, haur jolasak, puzgarriak eta txokolate jana egingo dute.
19:00ean, auzotarrak eta bertaratzen direnak dantzan jartzeko Errebal dantzarako musika taldeak saioa eskainiko du.
21:30ean, auzokoek afaria egingo dute eta bertso kantuz alaituko dute hitzordua.
23:00etan, jaiei amaiera emateko Xabi Arostegi DJ-ak saio emango du.