1995ean sortu zuten Harribil taldea eta galduta zegoen dantzarako grina berreskuratu zuten oriotarrek. Urteurrena ospatzeko Harribileko kideak eta dantzari ohiak bildu ziren ostiralean ikuskizun bateratua emateko.
Ostiralean Orioko Karela kiroldegia ikuslez bete zen Harribileko egungo dantzariak eta dantzari izandakoak ikusteko. Harribil dantza taldeak 20 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko jaialdi berezia antolatu zuten bi hamarkadatan zehar Harribilen parte hartu izan duten hainbat dantzarik. 37 lagun bildu ziren saiorako, eta ikuskizuna prestatzen hasi ziren lehen egunetik ohartu ziren Harribilek «bilakaera handia» jasan duela azken 20 urteetan euskal dantza ulertzeko moduari dagokionez. «Gortzintzi taldetik gentozen Harribil sortu genuen hainbat dantzari. Guk Benito Brit izan genuen irakasle, eta hark garrantzia handia ematen zion teknikari eta dantzaren berezko izaerari», azaldu du Harribileko sortzaile Marijo Salsamendik. Britek erakutsitako bidea jarraitu zuen Harribilek hasieran, «baina era berean, aurkezpen aldetik hainbat alderdi aldatzen hasi ginen. Duela 50 urte dantzaren bat bikoteka ilaran jarrita egiten bazen, guk urratsa aurrera eman eta eskenatokia betetzen hasi ginen». Hori izan zen Harribilek euskal dantzen arloan emango zuen aldaketaren lehen zantzua. Egun, aldiz, euskal dantza pausoetan oinarritutako koreografiak sortzen dituzte Harribileko kideek, «guk euskal dantza tradizionalak jakin badakizkigu, baina ez gara garbizaleak eta ez ditugu zehatz-mehatz jarraitzen. Gaur egungo musika erabiltzen dugu gure ikuskizunetan, eta eskenografia eta arropa erakargarria izaten saiatzen gara», aitortu du Iosu Lizarraldek.Bi garai desberdindu ziren ostiraleko ikuskizunean, baina belaunaldien arteko elkarlana begi bistakoa izan zen. Dantzari gazteek euskal dantza tradizionalak ere egin zituzten, eta taldeko sortzaileek koreografietan parte hartu zuten. «Oso polita eta aberasgarria izan da denontzat, eta Harribil egun dena ulertzeko balio izan die ikusleei eta baita dantzarioi ere».
Lehen urratsak elkarlanean
1995ean sortu zen Harribil dantza taldea. Urte askotan zehar euskal dantza taldea desagertuta izan zen Orion, eta 1995ean ospatu zen Euskaraz Gazte jaialdirako dantzaren bat egingo ote zuten galdegin zien garaiko udalak Gortzintzi dantza taldean ibilitako hainbat herritarri. «Hori prestatzeko bildu ginen 16 dantzari, eta hortik sortu zitzaigun berriz ere dantza taldea sortzeko grina. Deialdi irekia egin genuen herrian, eta 30 lagun bildu ginen». 1995ean dantza egitera animatu ziren askok, ordea, ez zekizkiten euskal dantzak. «Gortzintzi taldean ikasitakoon ardura izan zen gainontzekoei dantzan erakustea; elkarlana izan zen gakoa, eta denek dantzan ikastea lortu genuen». Taldea martxan jarri orduko herrian euskal dantzen arloan hutsunea zegoela antzeman zuten Harribileko kideek. Danbolin Musika Eskolarekin hitz egin, eta haur eta gaztetxoei euskal dantzak erakusteko aukera sortu zuten bertan. «Ez genuen berriz ere Orion dantza taldea desagertzerik nahi. Eta erabaki ona izan zen, musika eskolan gaztetxoei euskal dantza irakastea oso garrantzitsua izan baita Harribilek 20 urte bete ditzan», iritzi dio Salsamendik.
Izan ere, Danbolineko dantza eskolak haurrengan «euskal dantzenganako zaletasuna eta dantza egiteko ohitura» sortzen duela uste du Lizarraldek. «Herriko haurren artean normala da euskal dantza egitea. Horietatik batzuk jarraitzen dute, eta besteek ez, baina haurrentzat eta oriotarrentzat gertukoa bihurtu dira euskal dantzak». Gaztetxoek DBH 3-4. mailan ematen dute Harribil dantza taldera saltoa. «Ezinbestekoa da guretzat euskal dantzak jakitea taldean parte hartu ahal izateko. Izan ere, kontuan hartu behar da gu ez garela irakasleak; dantzaz gozatzea da gure helburua, eta taldearen martxa jarraitzeko beharrezkoa da oinarrizko ezagutza izatea», zehaztu du Lizarraldek.
Kolorez betetako jantziak
Harribil dantza taldea sortu zutenean dantza tradizionalak egiten hasi baziren ere, jantziei dagokioez «iraultzaileak» izan ziren. «Hasi ginenean Errenteriko Ramon Garcia euskal jantzietan adituari eskatu genion laguntza. Ordura arte, dantza saioetan neskak poxpolinez janzten ziren eta mutilak gipuzkoarrez edo bizkaitarrez. Garciak historia lezioa eman zigun, argazkiak eta dokumentazioa ekarri zizkigun, eta euskal jantziez genuen ikuspegia guztiz aldatu zitzaigun», azaldu du Salsamendik. Garaian Marije Lazkano taldekidea jostuna zen, eta berak «lan handia» egin zuen jantzigintzan. «Tanto zurizko jantzi ilunetatik, kolorez betetako jantzietara urratsa eman genuen. Eta gaur egun ere, haurrak baserritarrez janzten direnean, mota horretako jantziak eramaten dituzte Orion».
Sortzaileek hasitako joera jarraitu dute belaunaldi berriek Harribilen, eta sortzen dituzten ikuskizunetan jantziek zeresana eman ohi dute. «Musikak eta koreografiak etengabe aldatzen ari dira euskal dantza munduan, eta horrekin batera arropa ere bai. Gure izaera galdu gabe, berritzaileak izaten saiatzen gara arlo guztietan. Azken proiektuko jantziak, esaterako, taldeko kide izan zen Goiuri Unanue diseinatzaileak sortu zituen». Beraz, 20 urte pasa badira ere, sorreran bezala ilusioa eta kideen arteko elkarlana dira Orioko dantza taldearen sekretuak.