Azkoitiko, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako bertsolariak sailkatu dira txapelketara. Urola Kostako 19 bertsolarik hartu dute parte maiatzean hasitako sailkapen fasean.
Urola Kostako zazpi bertsolari sailkatu dira irailean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara. Honakoak dira: Jon Maia Soria (Zumaia), Ibai Esoain Arruti (Orio), Iñaki Gurrutxaga Zubimendi (Orio), Nahikari Gabilondo Mendizabal (Zarautz), Xabier Sukia Etxeberria (Orio), Egoitz Eizagirre Aduriz (Orio) eta Eneritz Artetxe Eizagirre (Azkoitia).Gipuzkoa Bertsotan txapelketako sailkapen faseko azken saioak joan den asteburuan bukatu dituzte, eta 30 bertsolari sailkatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa jokatzeko. Guztira, 74 bertsolarik hartu dute parte Gipuzkoa Bertsotan-en, eta eskualdetik, berriz, sailkapen fasean 19 pertsona aritu dira. Hilabeteko epean 24 saio egin dituzte, eta bertsolariek bina saiotan kantatu dute.
Sailkapen fasea igaro duten 30 bertsolariek bat egingo dute orain dela lau urteko txapelketan sailkatze zuzena lortu zuten beste hamairuekin.
Irailaren 20an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 20an bukatuko da Donostian jokatuko den finalarekin.
Azkena, Ataunen
Gipuzkoa Bertsotan egitasmoko sailkapeneko azken bi saioak pasa den larunbatean Ataunen jokatu ziren. Goizeko saioan Unai Mendizabal nagusitu zen, eta arratsaldekoan Iñaki Gurrutxaga oriotarra.
Jon Gurrutxaga azpeitiarrak ere abestu zuen larunbateko saioan, baina aurten ez du izango Gipuzkoako Txapelketan kantatzeko aukerarik.