Bi Txoriburu proiektua abiatu du Zorione Mendez oriotarrak Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean, bertako diseinatzaileen lana ezagutarazi eta arropa kontsumo arduratsua sustatzeko.
Herritarrek arroparekin duten erlazioa guztiz aldatu da azken 20 urteetan. Globalizazioak sustatzen duen «kontsumitzeko eredu bortitza» barruraino sartu da gizartean. Lehen arropak bizitza bat baino gehiago izan ohi zuen, horretarako ohikoa zen batak besteari arropa ematea, konpontzea, tindatzea eta berrerabiltzea. Orain, aldiz, «arropa oso prezio merkeetan erostera ohitu gara, denbora tarte batean erabili eta bota egiten du jende askok. Gainera, ez gara konturatzen kontsumitzeko eredu horren atzean zein errealitate dagoen». Eredu hori aldatu nahi du Zorione Mendez sortzaile oriotarrak Bi Txoriburu proiektuarekin. Bertako diseinatzaileen arropa modu jasangarrian kontsumitzea eta herritarrak arropa marka handiek egiten duten minaz konturaraztea da ekimenaren helburua. Horretarako, Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean 11 diseinatzaileren lanak bildu ditu Mendezek. Bitxiak, osagarriak eta arropa erakusgai daude bertan, herritarrek erosteko prest. Egitasmoa harrera ona izaten ari da herritarren artean, baina salmentak «mantso» doazela aitortu du oriotarrak. «Marka handiek oso prezio txikian eskaintzen dute arropa; bertako diseinatzaileok, ordea, ezin dugu prezio horiekin lehiatu. Horregatik, gehien saltzen ari direnak bitxiak dira, eskuragarrienak direlako. Hala ere, gutxinaka-gutxinaka ari gara saltzen», azaldu du. Moda diseinatzaileen erakusketa igandera bitartean egongo da irekita; astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean eta igandean 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.Beste aldera begira
Setem gobernuz kanpoko erakundearen inguruko informazioa ere bada moda erakusketan. Iparraren eta Hegoaren arteko desoreka salatu eta bidezko merkataritzaren alde lan egiten du erakundeak. Arroparen sektorean ere baditu kanpainak, tartean Arropa garbia izenekoa. «Asian eta Ertamerikan egiten da egunero erabili ohi dugun arropa asko. Ekimen honekin, arropa lantegi horietako langileek pairatzen dituzten lan baldintza larriak salatu nahi ditugu». Komunikabideetan behin baino gehiagotan agertu da errealitate hori, baina «herritarrek entzungor» egiten dute. 2013ko apirilean, esaterako, Bangladeshko Rana Plaza lantegia erori zenean, 1.100 langile hil ziren. «Guretzat oso ezagunak diren arropa marka handientzat arropa ekoizten zuten bertan, baina uste dut errealitate hori oro har herritarrek urruti ikusten dutela».
Mendezen iritziz, hemen kontzientzia handiagoa dago janariaren inguruan. «Herritarrok gero eta gehiago baloratzen dugu produktua bertakoa eta ekologikoa izatea, eta horregatik, prezio gehigarria ordaintzeko prest gaude. Arropari, ordea, ez zaio merezi duen garrantzia ematen». Horregatik, sortzaile oriotarrari beharrezkoa iruditzen zaio gaia gizarteratzea. «Bertako diseinuak sustatzeaz gain, berrerabilpena ere oso garrantzitsua da. Sortutako arropa asko dago, eta bigarren eskuko arropa erostera ohitzen bagara, edo trukea sustatzen badugu, kontsumitzeko eredu hori pixkanaka aldatuko dugu».