'LOMCEri ez!' lelopean elkarretaratzea egin dute Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 4a

Orioko Herri Ikastolako LH 3. mailako ikasleak diagnosi probak egiteko aukeratu zituzten, baina gurasoek «planto egin» dute eta bertan behera geratu dira probak.Atzo arratsaldean LOMCEri ez! lelopean elkarretaratzea egin zuten Orioko Herri Ikastolare...

Orioko Herri Ikastolako LH 3. mailako ikasleak diagnosi probak egiteko aukeratu zituzten, baina gurasoek «planto egin» dute eta bertan behera geratu dira probak.

Atzo arratsaldean LOMCEri ez! lelopean elkarretaratzea egin zuten Orioko Herri Ikastolaren aurrean; bertan bildu ziren Orioko Ikastolako hezkuntza komunitateko kideak eta herriko hainbat eragile. Orioko Curriculuma Sortzen elkarteak, esaterako, atxikimendu publikoa eskaini zion elkarretaratzeari. «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak LOMCEren aplikazioa Heziberri hezkuntza planaren bidez gauzatu nahi du; horren aurrean hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria plazaratu nahi dugu. Bide horretan, Orioko Curriculuma bezalako proiektuak LOMCE eta Heziberriren alternatiba direla berretsi nahi dugu». Gainera, aurrerantzean «etorriko diren erasoei» aurre egiteko, hezkuntza arloko elkarteari nahitaezkoa iruditzen zaio «oriotarrok herri gisara erantzutea».

Ez dituzte eskolara eraman

Orioko Herri Ikastolako LH 3. mailako gurasoek deitu zuten atzo arratsaldeko elkarretaratzera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Heziberri hezkuntza planaren barruan LOMCE legeak jasotzen dituen LH 3. mailako diagnosi probak egin nahi dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxeri; Orioko Herri Ikastola izan da proba horiek egiteko aukeratu duten ikastetxeetako bat.

Ikasleen gurasoak ez daude neurriarekin ados, eta pasa den ostegunean egin zuten bileran erbabaki zuten Heziberri planeko «azterketei planto egitea». Gurasoek azterketei beren gaitzespena agertzea erabaki zuten eta, horregatik, atzo, azterketa egunean, ez zituzten seme-alabak ikastolara eraman; uste dute azterketek besteak beste oinarrizko hezkuntzan «ikasleen segregazio goiztiarra» bideratuko dutela.

Hezkuntza Saileko kideek gurasoen erabakia jakin zutenean, proba bertan behera uztea erabaki zuten, eta ez ziren hitzordura agertu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide