'LOMCEri ez!' elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Orion. (Aritz Mutiozabal)
Gaur arratsaldean
LOMCEri ez! lelopean elkarretaratzea egin dute Orioko Herri Ikastolaren aurrean; bertan bildu dira Orioko Ikastolako hezkuntza komunitateko kideak eta herriko hainbat eragile. Orioko Curriculuma Sortzen elkarteak esaterako atxikimendu publikoa eskaini dio elkarretaratzeari. «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak LOMCEren aplikazioa Heziberri hezkuntza planaren bidez gauzatu nahi du; horren aurrean hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria plazaratu nahi dugu. Bide horretan, Orioko Curriculuma bezalako proiektuak LOMCE eta Heziberriren alternatiba direla berretsi nahi dugu». Gainera, aurrerantzean «etorriko diren erasoei» aurre egiteko, hezkuntza arloko elkarteari nahitaezkoa iruditzen zaio «oriotarrok herri gisara erantzutea».
Gaitzespena azterketei
Orioko Herri Ikastolako LH 3. mailako gurasoek deitu dute gaur arratsaldeko elkarretaratzea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Heziberri hezkuntza planaren baitan LOMCE legeak jasotzen dituen LH 3. mailako diagnosi probak egin nahi dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxeri; Orioko Herri Ikastola izan da proba horiek egiteko aukeratu duten ikastetxeetako bat.
Ikasleen gurasoak ez daude neurriarekin ados eta pasa den ostegunean egin zuten bileran Heziberri planeko «azterketei planto egitea» erabaki zuten. Gurasoek azterketei beren gaitzespena agertzea erabaki zuten eta horretarako gaur, azterketa egunean, ez dituzte seme-alabak ikastolara eraman; uste dute azterketek besteak beste oinarrizko hezkuntzan «ikasleen segregazio goiztiarra» bideratuko dutela. Hezkuntza saileko ikuskatzaileek gurasoen erabakia jakin dutenean froga bertan behera uztea erabaki dute eta gaur ez dira hitzordura agertu.