Baratze labirintoa bertatik bertara

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 3a

Orioko erriberako baratzeetan murgildu da Iban Egiguren argazkilari oriotarra, eta bertako pertsonaiak, egiten duten lana eta txoko ezezagunak erakutsi ditu argazki erreportaje batean.Duela 20 urteko Orioko argazki bat ikusiz gero, herriak azken bi ham...

Orioko erriberako baratzeetan murgildu da Iban Egiguren argazkilari oriotarra, eta bertako pertsonaiak, egiten duten lana eta txoko ezezagunak erakutsi ditu argazki erreportaje batean.

Duela 20 urteko Orioko argazki bat ikusiz gero, herriak azken bi hamarkadetan jasan duen aldaketa nabarmena antzeman daiteke bertan. Adreilua eta porlana Orioko erribera jaten joan dira pixkanaka, eta horrekin oriotarrek mendeetan zehar beren baratzea lantzeko izan duten ohitura ere galdu da. «Garai batean erribera gaur egun denaren bikoitza zen. Krisi ekonomikoak geldiarazi egin du eraikitze erritmo bortitza eta, zorionez, geratzen den erribera zatian oriotar askok beren baratzea izaten jarraitzen dute». Horiei omenaldia egin nahi izan die Iban Egiguren argazkilari oriotarrak. «Badirudi denbora geratu egin dela Orioko erriberan, betiko giroa nabari da bertan. Garaian garaikoa lantzen jarraitzen dute bertan baratzea duten oriotarrek, mimo handiz eta errespetuz lantzen dute lurra, beti egin den bezala, eta hori erakutsi nahi izan dut». Horretarako pertsonetan jarri du arreta argazki erreportajea egiterakoan, eta bertan egiten duten lana azaltzen saiatu da.

Oriotarrak ohituta daude erribera kanpotik ikustera, «baina lehen aldiz bertara sartu nintzenean beste nonbait nengoela iruditu zitzaidan. Beste mundu bat da, azekiaz eta bidezidorrez osatutako labirintoa». Horregatik, erakusketa ikustera Kultur Etxera gerturatzen direnak labirintoan galdu ez daitezen, bisita gidatua prestatu du Egigurenek Orioko erriberako baratzeetan zehar: lehenik eta behin eremua kokatzeko goitik hartutako panoramikak jaso ditu, eta argazkiz argazki erriberan murgiltzen joango dira bisitariak; txabolak, baratzeak, xehetasunak eta pertsonaiak bildu ditu.

Bi urteko lana ikusgai

Bi urtetan zehar egindako lana jarri du Egigurenek ikusgai. «Argazki erreportaje bat egitea ez da nonbaitera iritsi eta bat-batean argazkiak ateratzea. Ordu asko pasa ditut erriberan baratzea duten oriotarrekin solasean. Lehenengo bi-hiru asteetan egunero joan nintzen bertara kamerarik gabe, beraiekin hitz egin, zer egin nahi nuen azaldu eta berriketan aritzeko». Konfiantza giroa sortu zenean eraman zuen Egigurenek kamera, eta emaitza bistakoa da, protagonistak erretratoetan «lasai eta eroso» azaltzen baitira. Proiektuak lanketa handia eskatu dio oriotarrari, baina «oso pozik» dago emaitzarekin. «Autentikoak dira. Oso gustura eta eroso sentitu naiz beraiekin, eta pozgarria izan da niretzat elkar ezagutzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide