Iban Egigurenek Orioko baratzen inguruko erakusketa zabaldu du kultur etxean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Duela 20 urteko Orioko argazki bat ikusiz gero, herriak azken bi hamarkadetan jasan duen aldaketa nabarmena antz eman daiteke bertan. Adreilua eta porlana Orioko erribera jaten joan dira pixkanaka eta horrekin oriotarrek mendetan zehar beren baratza lantzeko izan duten ohitura ere galdu da. «Garai batean erribera gaur egun denaren bikoitza zen. Krisi ekonomikoak geldiarazi egin du eraikitze erritmo bortitza eta zorionez geratzen den erribera zatian oriotar askok beren baratza izaten jarraitzen dute oraindik». Horiei omenaldia egin nahi izan die Iban Egiguren argazkilari oriotarrak. «Badirudi denbora geratu egin dela Orioko erriberan, betiko giroa nabari da bertan. Garaian garaikoa lantzen jarraitzen dute bertan baratza duten oriotarrek, mimo handiz eta errespetuz lantzen dute lurra, beti egin den bazala eta hori erakutsi nahi izan dut». Horretarako pertsonaiak izan ditu ardatz argazkilari oriotarrak argazki erreportajea egiterakoan eta bertan egiten duten lana azaltzen saiatu da.
Baratzak lantzen dituzten oriotarren erretratoak jaso ditu Egigurenek erakusketan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Oriotarrak ohituta daude erribera kanpotik ikustera, «baina lehen aldiz bertara sartu nintzenean beste nonbait nengoela iruditu zitzaidan. Beste mundu bat da hori, erretenez eta bidezidorrez osatutako labirintoa». Horregatik, erakusketa ikustera Orioko Kultur Etxera gerturatzen direnak labirintoan galdu ez daitezen bisita gidatua prestatu du Egigurenek Orioko erriberako baratzetan zehar. Lehenik eta behin eremua kokatzeko goitik hartutako panoramikak jaso ditu eta argazkiz argazki erriberan murgiltzen joango dira bisitariak: txabolak, baratzak, xehetasunak eta pertsonaiak bildu ditu.
Orioko erriberan aurkitu daitekeen txabola bat. (Iban Egiguren)
Bi urteko lana ikusgai
Bi urtetan zehar egindako lana jarri du Egigurenek ikusgai. «Argazki erreportaje bat egitea ez da nonbaitera iritsi eta bapatean argazkiak ateratzea. Ordu asko pasa ditut erriberan baratza duten oriotarrekin solasean. Lehenengo bi-hiru astetan egunero joaten nintzen bertara kamerarik gabe, beraiekin hitz egin, zer egin nahi nuen azaldu eta berriketan aritzeko». Konfiantza giroa sortu zenean eraman zuen Egigurenek kamera eta emaitza bistakoa da, protagonistak erretratoetan «lasai eta eroso» azaltzen baitira. Proiektuak lanketa handia eskatu dio oriotarrari, baina «oso pozik» dago emaitzarekin. «
Autentikoak dira. Oso gustura eta eroso sentitu naiz beraiekin eta pozgarria izan da niretzat elkar ezagutzea».