‘LOMCE-ri ez!’ lelopean elkarretaratzea egingo dute asteazkenean Orioko Herri Ikastolaren aurrean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 2a

Eusko Jaurlaritzak Lehen Hezkuntzako 3. mailako diagnosi frogak egin nahi dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxeri; aukeratuetako bat da Orioko Herri Ikastola.

  Orioko Herri Ikastolako haurrak ikastetxetik irteten. (Aiora Larrañaga/Hitza) Eusko Jaurlaritzak LOMCE legearen harira diagnosi probak egin nahi dizkie Lehen Hezkuntzako 3. mailako Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxeri, eta Orioko Herri Ikastola izan da proba horiek egiteko aukeratu duten ikastetxeetako bat. Orioko Herri Ikastolako LH 3. mailako ikasleen gurasoak ez daude erabakiarekin ados, eta aukerak aztertu ondoren, erabaki dute beren seme-alabek proba hori egin ez dezaten, azterketa egunean ikastetxera ez eramatea. Horretaz gain, hezkuntza komunitateko kideak eta herriko eragileak bildu nahi dituzte gaur arratsaldean, eta LOMCEri ez!! lelopean, elkarretaratzea antolatu dute 16:30ean Ikastola aurreko plazan. «Atzerapausoa» Orioko Herri Ikastolako LHko 3. mailako ikasleen gurasoen iritziz, azterketa horiek «hezkuntza konpetentziei erabateko erasoa egiten diete; hezkuntza zentralizatzea eta kontrolatzea dute helburu, eta sekulako atzerapausoa eragingo dute arlo pedagogikoan». Gainera, uste dute oinarrizko hezkuntzan «ikasleen segregazio goiztiarra» bideratzen dutela, eta bertan behera uzten dutela bereziki Derrigorrezko Hezkuntzako Errebalida gainditzen ez duten ikasleen hezkuntza ibilbidea. Orioko guraso taldearen esanetan, proba horiek «eragin zuzena dute ikasleengan, familiarengan, ikastetxeko zuzendaritzarengan eta irakasleegan». «Gainera, LOMCEren ezarpenean beste pauso bat besterik ez dira jarraian inposatu nahi dituzten DBHko eta Batxilergoko errebaliden aurrean». Horregatik, LOMCE legearen aurrean oso garrantzitsua iruditzen zaie hezkuntza sistema propioaren garapenean pauso berriak ematea, eta horretarako hezkuntza komunitate osoaren eta herriko eragileen babesa eta inplikazioa ezinbestekoa dela uste dute. Beraz, eragileak eta oriotarrak elkarretaratzean parte hartzera animatu dituzte.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide