Hilaren 23an 49 urte beteko zituzkeen Orioko Loretxu tabernak. Ia mendi erdia egin du zabalik, eta hamarkadaz hamarkada Orio eta oriotarrak nola aldatu diren ikusi dute Loretxuko barraren atzetik Maria Frantziska Arrutik eta Miriam Tapia ama-alabek. 49 urte asko dira, ordea, eta taberna ixtea erabaki dute. Ander Beldarrain Loretxuko bilobak hala azaldu du: «Asko pentsatutako erabakia izan da, eta pena eman digu denoi. Gure etxea izan da txikitatik, eta aurrerantzean Loretxu gabe bizitzera ohitu egin beharko dugu».
Loretxuk hamarkadak egin zituen Maria Frantziskaren ardurapean. Duela lau urte belaunaldi aldaketa izan zen, eta Miriam Tapia alabak hartu zuen tabernaren ardura; hala ere, emakume langilea eta indartsua da Arruti, eta sukaldean lanean jarraitu zuen igandean itxi zuten arte. «Jakin bagenekien taberna ixten ez bagenuen amona ez zela erretiratuko. Gainera, guk ere bakoitzak geure bideari ekin diogu, eta ixteko garaia iritsi dela erabaki du amak».
Loretxu ireki zutenetik ia mende erdia pasa bada ere, etxe giroa izan da bertako bereizgarri nagusia; duela lau urte Tapiak amaren erreleboa hartu zuenean ere argi zuen «betiko izaera ez zuela galduko» tabernak. «Betiko bezeroek hamarkadak egin dituzte Loretxura etortzen, bezero fidelak izan dira. Taberna itxiko genuela esan genienean batzuk negar egin zuten, beste batzuk berriz haserretu ere egin zitzaizkigun, aurreratzean nora joan behar duten galdezka». Horregatik, eskerrak eman nahi dituzte: «Bidelagun izan ditugun oriotar guztiak eskertu nahi ditugu, horiek gabe Loretxu ez baitzitekeen izango izan dena».