Joantio Orella bere Mini klasikoaren aurrean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
JOANITO ORELLA
Larunbatean ikusgai izango dira ibilgailuak, Garagardo Azokaren barruan. 2013an Orellak antolatu zuen Espainia mailan egin den Mini klasikoen topaketa handiena, Orioko Bisigu Egunean.
Mini klasikoen topaketa antolatu duzu larunbaterako. Zein da zuen asmoa?
Nik parte-hartzaileak Saizar Sagardotegiaren inguruan bildu ohi ditut mota honetako topaketak antolatzen ditudanean. Horregatik, handik abiatuko dugu ibilbidea eta Aiara igoko gara; han hamaiketakoa egin eta eguerdian Orion sartuko gara. Herria zeharkatu eta hondartza aldean bueltatxo bat emango dugu. Ondoren, plazara gerturatuko gara eta bertan utziko ditugu Mini klasikoak bata bestearen ondoan.
Zenbat parte-hartzaile izango zarete?
Bihar 25-30 Mini klasiko inguru bilduko ditugu Orioko plazan. Euskal Herri osotik etorriko dira gidariak; agian baita Madrildik [Espainia] ere. Oso zaletasun polita da auto klasikoena, eta topaketa handietan Espainia osoko zaletuak biltzen gara.
Dena dela, biharkoa ez da izango antolatu duzun Mini klasikoen topaketarik handiena, ezta?
Nik 2013an Bisigu Egunean 65 mini klasiko bildu nituen Orion. Topaketa ikusgarria izan zen. Bartzelonatik [Herrialde Katalanak] hots egin zidaten horrenbeste Mini nola bildu nituen galdezka, Espainia mailan egindako Mini klasikoen topaketarik handiena izan baitzen Oriokoa. Topaketa horren albistea argazki eta guzti
The Mini International aldizkarian argitaratu zuten; hau mundu osoan banatzen den aldizkaria da. 330.000 aleko tirada du, eta 19 hizkuntzatara itzulita dago. Bestetik, duela lau urtetik lagun bati laguntzen diot Azkoitian auto eta moto klasikoen topaketa antolatzen. Pasa den hilaren 10ean egin genuen topaketa, eta motorrak eta autoak kontatuta 150 ibilgailu bildu genituen. Oso polita izan zen.
Nondik datorkizu ibilgailu hauenganako afizioa?
Ni gaztetan motokrosean ibiltzen nintzen, eta motorren eta autoen mundua asko gustatu zait beti. Guk etxean hiru auto klasiko ditugu: 1983ko Mini klasikoa, Morgan gorri bat eta 1955eko
Once ligero-a, baita beste hiru motor klasiko ere. Anaia guztiok dugu afizio hori. Anaiari duela gutxi zaharberritu diot 1955 urteko auto klasiko bat.
Beraz, autoen mekanikaz ere badakizu?
Bai, ni ogibidez tornularia naiz, eta beti gustatu izan zait motorraren mundua. Kotxe eta motor zaharrak desmuntatu eta konpontzea izan da nire pasioa.
Zeuk parte hartzen al duzu besteek antolatzen dituzten topaketetan?
Noski baietz, orain gutxi emaztearekin Miranda de Ebron izan naiz. Beste batzuetan Valladolidera, Segoviara edo Madrilera ere joan izan naiz. Urruti bada, larunbat arratsaldean joaten gara, bertan gaua pasa eta igandean topaketan parte hartu ondoren, buelta egiten dugu.
Auto klasiko zaleok elkar ezagutuko duzue...
Bai, lagun giro polita dugu gure artean eta elkarlanean aritzen gara. Kotxe zaharrak zaharberritzeko prozedurak erakusten eta ordezko piezak bilatzen laguntzen diogu elkarri eta guk geuk soberan baditugu behar duenari ematen diogu